Aurtengo literatur lan onenen egileek saria jaso dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 19a, 13:04

Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan egindako ekitaldian jaso dituzte euren sariak aurtengo irabazleek. Haur eta gazteen lehiaketan lan kopurua hazi egin dela nabarmendu du Kultura eta Hezkuntza batzordeburu Maite Iglesiasek: 132. Helduen sariketan, aldiz, 90 poema eta 126 mikrokontakizun aurkeztu dituzte.

Lasarte-Oriako Udalak antolatutako bi literatur lehiaketen sariek badituzte irabazleak. Eguerdian, kultur etxeko hitzaldi aretoan egindako ekitaldian aintzatetsiak izan diren idazleek euren ahaleginari aitortza. Ekitaldi xume eta laburra izan da, ohiko gidoiari jarraituz. Saridun batzuek huts egin dute eta eguraldi txarragatik edo, ohi baino herritar gutxiago bertaratu da. 

Poema bat aukeratu ohi du Agustin Valdivia alkateak hasiera gisa, oraingoan, Octavio Paz mexikarrak Luis Cernuda poeta sevillarrari eskainitako La Poesía irakurri du. Andaluziarraren poemak irakurtzeak sentiarazten ziona adierazten duela azaldu du, eta poesia aukeratzeak arrisku hori duela, sentimendu sakonak eragitekoa eta nora eramango zaituen ez dakizun bide bat abiatzea. "Idazle batek bere idatzietan sentimenduak, esperientziak eta ikuspegi pertsonalak adierazten dituenean, haien jabe izateari uzten dio, haiek beren bizitza propioa hasten dutelako", irakurleak eraldatu eta bere galbahean iragazita beste esanahi bat ematen baitio. Eta gehitu du, Literatura "askatasun ekintza bat da, eskuzabaltasunez ematekoa". Horregati, orri zuriari beldurrik gabe euren sentimenduak idazlana edo poesia bilakatu eta lehiaketara aurkeztu dituztenei eskerrak eman dizkie. 

Agurraren ondoren, Domingo Jimenez Lacaciren Los secretos de la harina eta Nikola Iraola Herenandezen Ispilua, islada eta ni, gaztelaniazko eta euskarazko mikrokontakizun sarituak irakurri ditu Ainhoa Aiertzak, Silvia San Josek jotako pianoaren doinuak lagunduta. Ondoren, Kultura eta Hezkuntza batzordeburu Maite Iglesiasek hartu du hitza. Hiru lerro eta hamazazpi silabako Aiki Monotagari-k idatziako haiku bat irakurri du udazkenari buruzkoa eta hostoak erortzeari erreferentzia egiten diona. Horri helduta, "zuen orriek, birtualak izanda ere, laztandu egin gaituzte eta gustatu".

Zinegotziak azaldu duenez, orotara 116 lan aurkeztu dira aurten. Helduen kasuan, gaztelaniaz, 46 poesia eta 155 mirkrokontakizun jaso dituzte, euskaraz, berriz,  19 mikrokontakizun eta poesia bakarra. Xabier Urruzolak irakurri ditu irabazleen izenak eta diploma bana eman diete udal ordezkariek.

SARITUAK - LASARTE-ORIAKO HAUR ETA GAZTEEN XXXV LITERATUR LEHIAKETA 2022 

  1. A KATEGORIA: 2013an edo ondoren jaiotakoak
    • 1. saria: Liher Salsamendi Auzmendi, Mapatxe hortz gabe idazlana.
    • 2. saria: June Rodriguez Barbero, Komentu misteriotsua idazlana.
    • 3. saria: Khan Tushig Enkhtaivan, Amets, betaurrekoak non? idazlana.

  2. B KATEGORIA: 2010, 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak
    • 1. saria: Garoa Elizondo Eizmendi, Hiri zikin honetan idazlana.
    • 2. saria: Ane Herrera Carrasco, Hegan egiteko tximeletak idazlana.
    • 3. saria: Ganix Gartzia Azpiroz, Asno astoa idazlana.

  3. C KATEGORIA: 2007, 2008 ETA 2009 urteetan jaiotakoak
    • 1. saria: Gari Iraola Hernandez, Denbora idazlana.
    • 2. saria: Enara Arruti Manterola, Denboran zehar bueltaka idazlana.
    • 3. saria: Ametz Fernandez Ostiz, Reale Arenako aulkien tertuliak idazlana.

SARITUAK - LASARTE-ORIAKO XXXVI. LITERATUR LEHIAKETAK

  1. EUSKARAZ
    • Mikrokontakizuna: Nikola Iraola Hernandez lasarteoriatarra, Ispilua, islada eta ni.

  2. GAZTELANIAZ
    • Poesia: Jesus Jimenez Reinado madrildarra, Cuaderno del apostata.
    • Mikrokontakizuna: Domingo Jimenez Lacaci madrildarra, Los secretos de la harina

Haur eta Gazteen Literatur Lehiaketako epaile izan dira Ane Labaka Mayoz, Idoia Garzes Aldazabal eta Lierni Rekondo Villaron. Literatur Lehiaketakoan, berriz, Felipe Juaristi Galdos, Karlos Linazasoro Izagirre eta Elixabete Tolaretxipi Lertxundik, euskarazko lan onenak hautatu dituzte; eta Marian Benitez Izquierdo, Mertxe Tranche Iparragirre eta Abert Vazquez Perezek gauza bera egiteko ardura izan dute gazteleraz idatzitakoekin.

Sariak banatuta, oroigarri bana eman diete Aiertza eta San Joseri. Alkateak hitza hartu du eskerrak emateko egindako lanagatik "zuek zaretelako lehiaketa hau edukiz eta zentzuz betetzen duzuenak".