ESKUALDEA

Katalogoa, euskal sorkuntzaren erakusleiho bizia

Euskarazko produktuen bilduma aberatsa dugu eskura sarean urte osoan www.katalogoa.eus atarian, nahi dugun hori aurkitzeko bilaketa sistema erraz batekin. Urtean behin, azaroan, web orrialdean dagoen eskaintza zabal horren lagin bat papereko edizioan jaso eta herriz herri zabaltzen dute Hego Euskal Herrian barrena, egitasmoan parte hartzen duten lau herrialdeotako udal eta mankomunitate hainbatek. Tartean Buruntzaldean, prestaketa eta banaketa lanez arduratzen diren Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalen eskutik.

Ikastetxeetan nahiz udal zerbitzuetan uzten dituzte, herritarrek eskuratu eta etxeetara eramateko. Katalogoaren papereko ediziorako materialen hautaketarako lantalde bat dute. Disken aukeraketaz arduratzen da Jon Eskisabel. Argitaletxe nahiz autoekoizpen aldetik dagoen sorkuntza jario etengabetik 32 lan hautatu behar izaten ditu, 12-16 urte arteko gazteei zuzendutako eskaintza biltzen duen esku-orrirako, dozena inguru 0-12 urte arteko haurrei zuzendurikoan. Badok.eus Berria-ren euskal musikaren atarian lan egiten jardundakoa, erreferentziagune gisa baliatu izan du webgune hau www.katalogoa.eus elikatzeko. “Astero argitaratzen ziren diskoen gainean egon naiz. Informazio asko nire ohiko lanetik jasotzen nuen. Argitaratzen zihoana Katalogoaren webgunera igotzea”, horixe izan da bere egitekoa. 

Sorkuntza lan bakoitzari informazioa eransten dio; norena den, nork argitaratua, non eskura daitekeen...

"Oreka bat mantentzen saiatzen gara"

Sarean ere lan bera egiten du Eskisabelek, baina hautaketa lan hain zorrotzik egin beharrik izan gabe. Bai autoekoizpenak, baita argitaletxeek plazaraturikoak ere, “denak igotzen ditut. Baina argitaratzen diren asko gero ez daude salgai sarean”. Hortxe, lerrootan mintzagai dugun atariak duen muga saihestezina; webgunearen logika, erakusleihoa izateaz gain, euskarazko produktuok gero salerosketan jartzen dituzten argitaletxeetara bideratzea baita. Bistan denez, ordea, autoekoizpenen kasuan ez da posible. Horregatik, diskoen kasuan, katalogoan argitaratua izateko baldintza nagusia, betebeharreko euskararen irizpideaz gain, sarean salgai egotea da. “Lan autoekoitzi asko dago kontzertu edo tabernetan saltzen dituztenak eta zaila da Interneten erostea. Horregatik horiek normalean ez ditut zintzilikatzen”, dio Eskisabelek. Gainerakoan, bereizketarik ez du egiten, “ez estilo, jatorri, oihartzun, edota taldearen tamainaren aldetik. Halako oreka bat mantentzen saiatzen naiz”.

Ikusgarritasuna, hedapenerako giltzarri

Lanketa hau guztia zertarako baliagarria den galdetu diogu Eskisabeli. “Euskarazko ekoizpenari ikusgarritasuna ematen laguntzen du. Beharbada hori da katalogoaren helburu nagusietako bat”. Erakusteko dagoena ez da eskaintza urria. “Ekoizpen hori guztia zabaltzen laguntzea, ikusgarritasuna eman eta jendearengana heltzea, hori da xede nagusia. Ikusgarritasun horrek emango dio gero ekoizpen horri bultzada, kontsumitua izateko aukera, jendeak hautatzeko modua izan dezan. Ikusgarritasunik gabe ez dago ezer”. Horregatik bere ustez, “inoiz baino beharrezkoagoa da hori bermatzea”.

Ildo horretan, halako egitasmo gehiagoren beharra sumatzen du Jon Eskisabelek. “Euskal Herri osoko eskualde eta herrietan antzeko ekimenak martxan jartzea ez legoke gaizki. Sekulako ezagutza falta dago, lan handia egiteke”.

Aisialdia euskaraz bizitzeko

Euskarazko Produktuen Katalogoa Nafarroan sortu zuten, euskara teknikariak biltzen dituen mankomunitatetik, aisialdirako dauden euskarazko produktuen berri eman asmoz gurasoei, eta sortze lanon salerosketa bultzatzeko, “azken batean, gaztetxo horiek aisialdia euskaraz bizitzeko”, Malores Etxeberria Hernaniko Udaleko euskara teknikari ohiak azaldu digunez.  Duen eskaintza eta hedadura aintzakotzat hartuta, Euskal Herrian bereizgarriok dituen proiektu bakar honetara batu ziren Buruntzaldea osatzen duten sei udalerrietako udalak. “Gustatu egin zitzaigun eta haiekin hartuemanetan jarri ginen, parte hartzeko aukera izango genukeen jakiteko”, eta halaxe hasi ziren, jada mende laurdena betetzear duen katalogoan esku hartzen. Nafarroatik eskualde honetara jauzi egin zuen proiektuak. Eta denborarekin, Buruntzaldetik “Gipuzkoara,  Bizkaira eta Arabara zabaldu zen”. 

Aztikerrekin eginiko azterlantxoak agerian utzi zuen katalogoak euskarazko produktuen salerosketetan bazuela eragina, eta beste datu esanguratsu bat; paperak agintzen zuela oraindik, digitalizazioaren aldeko apustua egin duten arren. 

Egun, udalerri parte hartzaileen zenbatekoa “kopuru politean mantentzen da”. Baina badira katalogoaren ordez, www.katalogoa.eus webguneak harpidetzen bidez eskaintzen duen pdf-a eskuratu nahi izaten duten udalerriak. Egitasmoaren bideragarritasunean eragiten du horrek, izan ere papereko edizioak ordaintzen ditu egitasmoaren gastuak. Dagoen eskaintza “erauntsi horretan leku bat bilatzea oso zaila da”, baina hor dirau mende laurdenez katalogoak. Halako izaera duen egitasmo bakarra Euskal Herrian. Ibilbide luze honen gakoa nabarmendu digu Malores Etxeberriak. “Elkartzeak eta aurrez aurrekoak egiten du proiektuak aurrera ateratzea eta horrek badu balio bat”, 25 urte betetzear dituen Euskarazko Produktuen Katalogoak argi utzi duen moduan.