Infantil eta Erregional derbia izan zen Michelin kirol gunean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 17a, 13:00

Texas Lasartearra taldearen jokalariak, baloiarekin ihesi egin nahian.

Derbia neurketa berezia da Ostadar eta Texas Lasartearra  herriko taldeentzat. Bi taldeetako zaletu eta senideak batzen dira Michelin kirol guneko futbol zelaian animatzera. Ohikoena da neurketa bakarra izatea; hilaren 12an, bitan eman zen egoera hori, ordea. Kategoria ezberdinetako bi derbi izan ziren; goizean, infantil I. mailakoa eta arratsaldean, Erregionalen arteko lehia. Bietan Ostadarrek jokatu zuen etxeko talde modura eta bietan Texas Lasartearra izan zen garaile

Infantil kategoriako Ostadar A-Texas Lasartearra norgehiagokak eman zion, beraz hasiera jardunaldi bereziari.

Haizea izan zen protagonista eta Texaseko prestatzaile Ander Acuñak aipatu modura, "zaila egin zitzaigun baloia jokatzea".  

Defentsan sendo ari ziren bi taldeak. Alabaina, Texasen defentsaren huts batengatik talde urdin-beltzak aurre hartu zuen. Baloi luze bat hartu nahian eta komunikazio faltarengatik, zuri-urdinen bi defentsek talka egin zuten eta hori baliatuz Ostadarrek markagailua ireki zuen. 0-1 iritsi ziren atsedenaldira.

Egoera ikusirik Texaseko entrenatzaile Acuñak aldaketa batzuk egin zituen bigarren zatiari begira eta estrategiak bere fruitua izan zuen. Bi gol jarraian egin zituen talde zuri-urdinak.

Horrek lasaitasuna eman zion  kanpoko bezala jokatzen zuen taldeari. Ostadarreko jokalariek, aldiz, kolpe latza jaso zuten. Ostadarren infantilen arduradun Javi Frailek adierazi digunez: "Lehen zatia 1-0ko emaitzarekin amaitzea bigarrenari begira indarra eman zien haurrei. Texasek berdinketa lortu zuenean animoak galtzen joan ziren eta bigarren golak moralki eragina izan zuen jokalariengan".

Ondorioz, minutuak aurrera joan ahala ate aurrera gehiagotan iritsi zen Texas eta beste hiru alditan Ostadarreko atezaina gainditu zuten.

Hori guztiagatik, 1-5 amaitu zen norgehiagoka.

Egindakoaz harro

Texas Lasartearrako prestatzailea Acuña pozarren dago lortutako emaitzarekin. Lortutako puntuek sailkapeneko bigarren postura igo dute talde  zuri-urdina eta horrek hurrengo neurketetarako indarra emango diela adierazi du: "Ilusio handiarekin prestatuko ditugu datorren partidak sailkapenean lehenengo doazenak guk baina hiru puntu gehiago soilik dituztelako".

Ostadarren infantilen arduradun Javi Frailek aurkaria zoriondu du: "Hobeak izan dira eta garaipena merezi zuten egin duten bigarren denborarengatik". 

Era berean, jokalariek egindakoaz harro dagoela onartu du Frailek: "Gure gaztetxoek egin dezaketen jokoa egin zuten. Bigarren zatian, aldaketak egiterakoan joko mailan nabaritu genuen. Baina ikasten ari dira eta hori da garrantzitsuena. Esperientzia ere bada eurenentzat".

Partida zirraragarria

Arratsaldean ere, Erregional I. mailako norgehiagoka interesgarria ikusi ahal izan zen kirol guneko zelaian; azken minutuan, eskuratu zuen Texas Lasartearrak-ek derbia, 3-4.

Ostadar izan zen nagusi lehen zatian eta arrisku egoera ugari sortu zituen. Zatiaren erdialdera gainera markagailuan aurreratu zen; talde zuri-urdinaren atera baloia sarera bitan sartu zuten Mikel Zarragaren jokalariek.

Atsedenaldiaren ostean, indartsu atera zen Yonatan Monroyk zuzendutako taldea eta urdin-beltzen defentsako bi huts baliatuz neurketa berdindu zuen.Eta indarrak parekatu ziren. 

Aukera ugari izan zituzten biek baina amaitzeko 20 minutu falta zirela, hirugarren gola egin zuen Ostadarrek. Gutxira, epaileak Texasen aldeko penalti bat seinalatu zuen eta zuri-urdinek ongi baliatu zuten hirugarren gola egiteko.

Bi taldeak garaipena eskuratzeko borrokatu ziren azken minutura arte eta Texasen erregionalak eraman zuten saria, Ostadarreko atea laugarrenez zulatu ostean.