"Gaur ere gorritsua, zikina, kutsatua zegoen, zikinkeriari eutsi ezin zion 'hesiak' inguratua. Kiratsa zerion". Horrela hasten da Usurbilgo Noaua aldizkariak iragan larunbateko Arkaitzerrekara bisitari buruzko kronika. Esteka honetan irakur dezakezue, oso-osorik. Eskualde mailako ekintza izaki, atxikimendua adierazi zion Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak, eta deiari erantzuna, zenbait lasarteoriatar bertaratu ziren Zubietako erraustegiaren azpitik igarotzen den errekastora, nola dagoen ikustera.
Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa bat ireki zuen uztailaren 14an errekasto horretan gertatzen dena argitzeko, GuraSOS plataformak jakinarazi zuenez. Orduko horretan gezurtatu egin zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) erraustegitik isuritakoek Arkaitzerreka kutsatu izana.
Erreka horretan gertatutakoa oraindik argitu ez denean, Noaua-k berak urriaren 28an aurreratu zuenez, GHK-k baimena eskatu dio Ura agentziari ponpaketa sistema bat eraikitzeko Arkaitzerrekan, erraustegitik jaisten diren urak saneamendu sistemarekin konektatzeko. GuraSOSek salatu du Monpaseko hustubidetik irtengo liratekeela ur horiek, Donostiako Zurriola hondartzaren ingurura, "dioxina eta beste osagai kutsakorren arazketarik gabe, Loiolako Hondakin Uren Araztegian (HUA) ezarritako sistema ez delako egokia hori egiteko".
GuraSOSen mobilizazioa Donostian
Arkaitzerrekan gertatzen ari direnak deitoratzeko asmoz, GuraSOSek mobilizatzera deitu ditu herritarrak hilaren 27an, igandez, Donostian, 12:00etatik aurrera. Kursaaletik abiatu, eta Zurriolako hondartzan amaituko da. Leloa Orain Bai, gelditu! Diálogo Solución izango da, eta asmo nagusietako bat izango da enegarrenez eskatzea Zubietako erraustegia geratzeko.
Hitzaldi bat Hernanin
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sare sozialen bidez berri eman duenez, eskualde mailako beste jarduera bat prestatu du larunbat honetarako, hilak 19, Hernaniko Biteri aretoan, Hernani Zero Zabor eragilearekin elkarlanean. ToxicoWatch fundazioaren ikerketan oinarrituta egin den erraustegiaren kutsaduraren ikerlana aurkeztuko dute.
Hemen doakizue datorren larunbaterako -azaroak 19, goizeko 11:00etan Biterin- Hernanin antolatzen ari garen ekitaldi baten berri: Usurbildik etorriko zaizkigu aurkeztera ToxicoWatchek 2021ko laginetan oinarrituta erraustegiaren kutsaduraz egin duen ikerlana. pic.twitter.com/HEbxzzWa8P
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) November 14, 2022