Denboraldiko partidarik gogorrena bizi izan zuen Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 16a, 10:30

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak ez zuen lan xamurra hilaren 11n jokatutako partidan. Esperientzia handiko Oiartzun izan zuen aurrez aurre eta kantxan nabaritu zen. Aurkariak ongi baliatu zituen herriko taldearen ahulguneak, baita ate aurreko aukerak ere; partida 2-9 irabazi zuen Oiartzunek

Josu Lopezek zuzentzen duen taldeak partida ongi hasi zuen, ordea. Bi jokalditan arriskua sortu zuen Oiartzunen atean.  Tamalez, prestatzaileak nabarmendu bezala, aurten ate aurrean ez du zorterik herriko taldeak eta horrek neurketen patua baldintzatzen du. 

Maialen Chourraut kiroldegian jokatutako partidan ere horrela izan zen. Etxeko taldeak ate aurrean arazoak zituen bitartean; Oiartzunek golak egiteko aukerak ongi baliatu zituen.

Gauzak horrela, aurkariak jokaldi isolatu batean aurre hartu zuen eta minutu batzuk geroago, korner bateko jokaldi paregabean aldea handitu zuen.

Bigarren golak Eguzki Arkupe esnarazi zuen. Talde lanari esker, ate aurrera iritsi eta bere helburua lortu zuen errenta murriztuz, 1-2.

Ez zuen poztasunak asko iraungo. Atsedenaldira iritsi baino lehen bi kontraerasoetan  Oiartzunek baloia ate barrura bidali baitzuen. 

Bigarren zatia, ez zen hobea izan. Etxekoak aurkariari presioa egiten ari zirela, beste bi gol egin zituen kanpoko taldeak. 

Eguzkiko jokalarientzat kolpe latza izan zen; partidaren patua erabakia zegoen eta gainera, ezin zuten Oiartzun geratu. 

Bakarkako jokaldi baten ostean, penaltia lortu zuten aurkariek. Ostean, penalti bikoitza ere izan zuten euren eskura. Ez zuten huts egin eta errenta handitu zuten.

Azken minutuetan Eguzkik atezainarekin buruz buruko borroka batean bigarren gola lortu zuen.

Josu Lopez prestatzailearen hitzetan "ahazteko moduko partida da. Eguzkiren denboraldiko neurketarik txarrena izan da dudarik gabe bai jokoarengatik baita emaitzarengatik ere".