Xuhakan Txakur elkarteko kideek lan ona egin dute Espainiako Kopan eta Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 15a, 12:30

Guadalajarara bidaiatu diren Xuhakan elkarteko kideak. Arg.: Xuhakan Txakur Elkartea

Xuhakan Txakur elkarteko kideek Erabilgarritasunezko Kirol Mendetasuneko Espainiako Kopa eta Txapelketa jokatu dute Guadalajarako Torrejon del Rey herrian. Hilaren 12an eta 13an Lasarte-Oriako taldeko bost bikotek Kopako lehian parte hartu dute eta eta hiruk, aldiz, txapelketan

Martxotik irailera bost probetan –Lasarte-Oria, Guadalajara, Lodosa, Valladolid eta Madril–  eskuratutako puntu kopuruari esker sailkatu dira Xuhakan Txakur elkarteko bikoteak lehia garrantzitsu horretara. Ordezkaritza lortu duen Euskal Herriko taldea bakarra izan da.

Oinarrizko mailan 40 parte hartzaile bildu dira Kopan borrokan eta Espainiako txapelketan, aldiz, 24. Herriko elkarteak lau kide izan ditu lehian kategoria horretan: Marie eta Etsai, Ana eta Xula, Mattin eta Troi eta Patxi eta Bus. Lehen hirurek gainera Espainiako txapelketa jokatu dute.

Lehen graduan, aldiz, Bernardo eta Dana izan dira herriko taldeko ordezkariak Kopan; guztira, 24 bikote izan ziren gradu horretan.

Lehen postuetan

Guadalajaran guztiek ederki egin diete aurre txapelketako atal ezberdinei. Eserita eta etzanda mantentzea, jauziak egitea, jaurtitakoa itzultzea edo janariari uko egitea dira gainditu beharreko probetako batzuk.

Marie eta Etsai izan dira sailkapen onena lortu dutenak 100 puntutik 95 lortu dituzte. Horri esker, Espainiako txapelketan 5. postua eskuratu du eta kopan, aldiz, bederatzigarren izan dira.

Puntuazio onena, aldiz, Mattin eta Troi bikoteak lortu du. 97 puntu eginez zortzigarren izan dira bai kopan baita Espainiako txapelketan ere. 

Anak eta Xulak 14. eta 16. postuetan amaitu dute Kopa eta Espainiako txapelketa, hurrenez hurren; Patxi eta Bus bikoteak, aldiz, 28. postua (76 p.) Kopan.

Azkenik, Bernardo eta Dana lehen graduko kideek Kopan hemezortzigarren (53 p.) sailkatu dira.

Xuhakan elkarteko arduradun Juan Mari Encinas pozarren agertu da taldeak egindako lanarekin. Hurrengo lehietarako lanean daudela ere aurreratu du.