Aurkitutako ferrak erosketa bonuengatik trukatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 15a, 10:21

Ferraren bila egitasmoko sariak banatu ditu Aterpea elkarteak, Kale Nagusian dagoen Eli Lasa farmaziaren atarian. Herriko merkataritza sustatzea xede duen eragilearen lehendakari Miguel Angel Prietok nabarmendu duenez, "handia" izan da parte hartzea, eta "200 argazki baino gehiago" igo dituzte bezeroek sare sozialetara, erosketa bonuak irabazteko zozketan sartzeko ezinbesteko baldintza. Horietako batzuek 25 euroko hamarna txartel eskuratu dituzte.

Hauek izan dira saridunak: Ttakun Kultur Elkartea (bertako langile Irati Zatarainek jaso du saria), Esther Sanchez, Cristina Rodriguez, Jone Gonzalez, Mikel Naya, Esther Roscales, Olaia Rekondo eta Izaro Pellejero. Pozarren jaso dituzte bonuak, Aterpeako nahiz udaleko ordezkarien bitartez. Bertan izan da, besteak beste, Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandez.

Aterpeako lehendakariak azpimarratu du funtsezkoa dela lasarteoriatarrek tokiko komertzio eta establezimenduetan kontsumitzen jarraitzea. Horretan laguntzeko, Ferraren bila bezalako egitasmo gehiago prestatzen ari direla aurreratu du.