Alboka Abesbatzak kontzertua emango du Erriberrin, larunbat honetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 15a, 09:00
Alboka Abesbatza, Comillasen (Kantabria). Argazkia: Alboka Abesbatza.

Abesbatzen Musika Hamabostaldian parte hartuko du Alboka Abesbatzak larunbat honetan, hilak 19, Erriberrin (Nafarroa). Coral Olitense taldearekin egingo duen elkartrukearen barruko lehen emanaldia izango da hori. 20:00etan hasiko da, Santa Maria elizan. Sei abestiko errepertorioa prestatu dute lasarteoriatarrek.

Iruñeko Ganbara, Coral Olitense eta Alboka Abesbatza ariko dira larunbatean. Talde horietako bakoitzak programa propio bat prestatu du. Hau izango da lasarteoriatarrena:

  • Kyrie, Piotr Janczak.
  • Hanaq pachap Cussicuini, anonimoa (Lima, Peru, 1631).
  • Jana erthi viti ir, Albaniako doinua. Edoardo Materassi-k moldatutako pieza.
  • Ecce novum, Ola Gjeilo.
  • City of stars(La la land filma), Justin Hurwitz-ek sortua eta Roger Emerson-ek moldatua.
  • Lau teilatu, Itoiz. Javier Gonzalez Sarmientok moldatua.

Montse Latorrek zuzendutako taldeak Amaia Dorronsoro piano jotzailearen laguntza izango du abesti horietako batzuetan. Horrez gain, abesbatzako partaide diren Mikel Urreizti eta Elena Eguileta solista gisa ariko dira City of stars kantuan. 

Arestian aipatutako hiru abesbatzek David Azurzaren Dantzatik obra estreinakoz abestuko dute, emanaldiari amaiera emateko.