Hiru puntuko gai ordena eztabaidatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 14a, 11:06
Argazkia:Txema Valles

Urteko hamaseigarren udalbatzarra egin du berriki Lasarte-Oriako udalbatzak. Hiru puntuko gai ordena landu dute, ordu erdi pasatxoz

Zarata bibrazioen aurka ingurumena babesteko udal ordenantzaren behin betiko onarpena eztabaidatuz ekin diote azaroko ohiko udalbatzarrari. Agustin Valdivia alkateak eman du horren berri, eta inolako interbentziorik gabe, bozketa egin dute zuzenean. Aldeko 8 bozka (PSE-EErenak) eta 8 abstentziorekin (EH Bilduren 4, Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosen 2 eta EAJren beste 2) onartuta geratu da.

Gai ordenako bigarren gaiari eutsiz, EH Bilduk hartu du hitza; ELOPekin batera aurkeztu duen mozioaren berri eman du Sandra Barkaiztegik. Donostiako Onkologikoaren egoerari eta Osakidetzaren integrazioari buruzko mozioa ekarri dute. 

Azpimarratu du azken urteetan aipatu zentroak okerrera egiten ari dela, eta erabiltzaile eta pazienteak lehen pertsonan bizitzen ari direla aldaketa horiek. Horrekin batera, aipatu du zentroa guztiz baztertuaz, eta erabil daitekeena baino askoz erabilera gutxiago ematen zaion espazioa dela; eraikinaren bigarren solairua hutsik dagoela jakinarazi du, 51 geletatik sei edo zortzi baino ez daude okupatuta, eta osasun profesionalek lan jarduera gabezi nabarmena dute". 

Gaineratu du aurrez gaixotasunaren lehen diagnostikotik hasi eta froga, tratamendu eta jarraipen guztia onkologikoan bertan egiten bazen ere, egun jarraipen bakoitza leku ezberdinetan egiten dietela gaixoei: "Honek pazienteak egoera nahiko zaurgarrian uzten ditu, leku batetik bestera ibiltzera behartzen dituelarik". 

Egoera hori aintzat hartuz, Lasarte-Oriako udalbatzari honako hiru eskaerak egin dizkio: 

1.- Lasarte-Oriako udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari Donostiako Onkologikoa, onkologia izaera monografikoa duen zentro gisa definitzea eta zerbitzuak doitzea, horretarako Osasun Sailetik hartu beharreko neurri guztiak hartuz, langileen ordezkaritzarekin elkarlanean, paziente guztiek behar duten osasun arreta jaso dezaten.

2.- Lasarte-Oriako udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari onkologikoa bere osotasunean Osakidetzan integratzeko ekimena berrartu dezala, onkologikoko langileak ere kontutan hartuaz eta eurekin integraziorako plan bat landuz, egutegi baten baitan. 

3.- Lasarte-Oriako udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari onkologikoak lehen zuen aktibitatea berreskuratzeko eta handitzeko neurriak har ditzala. 

Inolako alderdik ez du bozka eman aurretik hitza hartu nahi izan. Aldeko sei bozkekin (EH Bilduren 4 eta ELOPen 2) eta aurkako 10ekin (PSE-EEren 8 eta EAJren 2) ez dute aurrera egin eskakizunek. 

Bozka azalpena egiteko hartu du hitza jarraian EAJko kide Jon Antxordokik. Esan du mozioen eskakizunekin bat datorren arren, bere alderdiak (PSE-EErekin batera) landutako mozio alternatiboa "osoagoa" delako eman dutela aurkako bozka. Lourdes Acevebedok ere bozka azalpena egin dut, Antxordokiren bide beretik. Gaia itxi aurretik, mozio alternatiboa aurkeztu dute, eta bozketa egin. Aldeko 10 bozka (PSE-EE eta EAJ), 4 abstentzio (EH Bildu) eta aurkako birekin (ELOP) aurrera egin du. 

Galdera eta erreguen tartea, udalbatzarra amaitzeko

Hainbat izan dira galdera eta erreguen tartera udalbatzako kideek ekarri dituzten gaiak. ELOPeko David Aresek hitz egin du lehenik. Jakin nahi izan du, kontratu txikiak (obren kasuetan 40.000 euro baino baxuagoak, eta gainerakoetan, 15.000 euro baino baxuagokoak direnak) zergatik ez diren udalaren kontratatzailearen profilean publikatzen. Bidenabar, gogorarazi du hori hala izatea behartzen duen legea dagoela. Iñigo Zabaletak erantzun dio, esanaz, legearen derrigortasuna uka ezin daitekeen arren, ez dela lan arina kontratu horiek egiten diren bakoitzean, eta berehalakotasunez argitaratzea. Gaineratu du, legean malgutasun bat eskaintzen duela kontratuen publikazio epeei dagokionean, eta aukera hori baliatuz egiten dituela Lasarte-Oriako Udalak argitalpen horiek. 

EH Bilduko Estibalitz Garmendiak hitz egin du gero. Lehenik eta behin, aipatu du bere alderdiak udalaren web atarian ikusi duela administrazio elektronikoari buruzko ordenantza egiteko jendaurreko erakustaldia publikatu dela, eta, bertan zehazten dela, herritarrek, elkarteen eta herri eragileen ekarpenak bildu nahi dituztela hori egiteko. Horren aurrean, galdetu du agente horiekin guztiekin lanketa bereziturik egin asmo duen udal gobernu taldeak, eta, bestetik, berriz, gai horren berri zergatik ez duten inongo batzordetan eman. Bestalde, Hipodromoan dagoeneko eraikitzen hasi diren Hockey zelaiaz ere galdetu du. Jakin nahi zain du udal gobernu taldeak Donostiako Udalarekin hitz egin ote duen, bertan lanean arituko diren kamioi eta bestelakoek nondik egingo duten eremu horretarako ibilbidea, eta herritarrek bertako auto aparkalekuak erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute. 

Lehenengo galderari ezin izan dio erantzun alkateak. Esan du begiratuko duela gaia nola dagoen, eta erantzungo diola. Hockey zelaiaren inguruan, berriz, esan dio obraren arduradunekin hitz egin duela jakinarazi du, eta esan, lanean arituko diren garraioak, Bugatitik barrena iritsiko direla Hipodromora (ez dutela inolaz herria zeharkatuko). 

Saioa osorik ikusi nahi duenak, honako helbide honetan egin dezake: https://www.youtube.com/watch?v=SiiigD4L5b0