Elkarrekin eta elkarrengandik ezagutu dute herria

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 12a, 14:24

Lasarte-Oriako bazterrak, historia eta hirigintza eredua sakonago ezagutzeko aukera izan dute herritarrek goizean Impact Hub Donostiak antolatutako ibilaldian. Euskotren geltokiaren atarian elkartu, eta handik herriko hainbat txokotara joan dira. 

 

Jane Jacobsen Muerte y vida de las ciudades liburua eskuetan, ibilbidea kazetari estatubatuarraren betaurrekoak jantzita egitera gonbidatu ditu Victor Aspe arkitektoak irteera puntuan bildu diren 40 bat lagunak. Alegia, gogoeta egitea proposatu die, esaterako, zergatik bizi da jendea auzo batzuetan beste batzuetan baino gehiago? Hori lehen galdera izan da, baina inondik ere ez bakarra. Berak proposatua edo bueltan jasoa, gainera. Izan ere, gidari lanak egin baditu ere, Aspek lehen unetik argi utzi die partaideei asmoa ez zela berak azalpenak eman eta bertaratutakoek entzutea, elkarrizketa piztea baizik, berak esandakoa zabaldu edo zuzentzea, beharrezkoa bazen. Hitz horiek esan dizkienean, ez zekien biak lortuko zituela. Ez hori bakarrik, berak galduko zituela bazekien solasaldi asko ere izan dira ibilian-ibilian parean egokitu direnen edo elkarrekin joan direnen artean. Paperean jasotzeko eskatu die, baina boligrafoa gutxi erabili dute... Kazetariak entzundakoen artean, adierazgarri bat: Halakoetan parte hartu ondoren, lekuak ez ditugula berriro berdin ikusten.

Bidegorritik behera joan dira Oriartera eta handik Iñigo de Loyola kaleko plazara. "Saltokirik ba al da? Zer saltzen dute? Irekita ala itxita daude?" bota die bidean inguruan zituenei. Geldiunean, Lasarte-Oria "herri bizia" dela esan du, denda txikiak badirelako, eta ez elikagaienak bakarrik. Eserlekuak zabalgunean errepidetik gertu daudela ohartarazi eta Jacobsen beste ideia bat gogora ekarri du Aspek: Jendea jendea dagoen lekuan egoten da, hau da, eraikinaren atzeko aldea lasaiagoa bada ere, plaza nahiago izaten dugu, jendea dabilen lekua.

Zegoen zerbaitek izena ematen dion leku horietako bat da Geltoki kalea. Aspe trenaren nondik norakoa azaltzen ahalegindu da, baina laster zuzendu diote. Industriak eraikitako ekipamenduei buruz aritu dira Michelin lantegiko kanpoko aldean dagoen frontoi aurrean. Ohikoa omen zen langileentzako halakoak eraikitzea, eta orain handik kanpo badaude ere eta udal azpiegitura bilakatu badira ere, frontoia, bolatokia eta futbol zelaia lehen fabrika inguruan zeuden. Michelinek herria haztea eragin bazuen ere, "zerbitzurik gabe" hazi zela azaldu diote Danok Kideko lagunek, eta Hipodromoak edo bi abiazio guneen eraginaz ere mintzatu dira. Aspek argitu du bisita antolatzeko, hain justu, elkarteko kideen laguntza izan duela. 

Galderak eta gogoetak

Minutuak pilatzen joan dira, eta bidea laburtu dute, atzerapena murriztu nahian. Hala, ibaiertzera irten dira futbol zelaiaren ondotik eta Hipodromoko zubian gelditu. Han galdera Aspek erantzun behar izan du. Zer iruditzen zaio etxebizitza dorrea? "Altua". Horren ondotik, Jesus Mari Egizabalen azalpena etorri da: Komentua babestutako ondarea izanik ezin ziren eraikin horren altuak eraiki, eta  plazako gainerakoen garaiera murriztu behar izan zen. Arkitektoak, ordean, argitu du halakoek biztanle dentsitatea adierazten dutela, ez dutela zertan txarrak izan, eta jende hori guztia etxe baxuetan bizitzeak izango lituzkeen eragin batzuk aipatu ditu

Hamabost mugarriko ibilbideko laugarrenera (Askatasuna parkea-Ama Brigitarren komentua) heldu direnerako, ordu laurdeneko atzerapena pilatua zutela ohartarazi die gidariak. Egizabalek gune horretan zegoen teileria gogora ekarri du, fabrika hartan lan egiten baitzuen bere aitonak eta haurtzaroko jolastoki izan baitzuen. Birgaitu eta erabat aldatua dago orain. "Nire ustez Lasartek izan duen eraldaketa handiena hau da. Zumaburu berdea zen". Plazara begira, Aspek, galdera zirikatzailea egin du: "Zergatik horrenbeste berde? Zergatik erabil ezin diren horrenbeste kartzela berde?" Parte hartzaileen artean zegoen Agustin Valdivia alkateak lorategi ingelesa egiteko asmoa bazuten ere, baimen kontuengatik aurrera eramaterik ez zutela izan argitu du. Eta Aspek, berriro: "Zergatik izan behar du berdea?". "Denetariko eskaerak daude", bota dio alkateak. Halakoez solasean ibaiertzetik aurrera joan dira Zumaburuko parkerantz.