Zuzeneko salmentarako gune bilakatu da Okendo

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 12a, 15:23

Behemendi elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatuta, IX. Baserriko Produktuen Azoka aurrera eraman dute goizean Okendo plazan. Bertan, hamaika ekoizlek jarritako zortzi postu izan dira eta haietan barazkiak, eztia, ukenduak edota gozoak erosteko aukera izan dute herritarrek. Jenderik ez da falta izan plazan 10:00etatik 14:00etara bitartean, baina pilaketarik gabe, lasai begiratu, hautatu eta erosteko aukera izan dute lasarteoriatarrek. Ekoizleekin hitz egin, galdetu edo produkturen bat probatu, eta gustukorik topatuz gero, etxera eraman dute. Eskaintzatik kanpo, baina ekimena aprobetxatuta, Euskaraldiari buruzko informazio mahaia ere jarri dute.