Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaren barruko Korrika Festak gure herrian korrikalari harrobia dagoela argi utzi zuen. Kadete mailatik hasi eta 2017 urtean jaiotako haurretaraino ia 800 parte hartzailek hartu zituzten herriko erdiguneko kaleak. Horrelako lasterketak gero eta ugariagoak dira eta harrera ona dute. Partaide kopuruetan gora doaz eta errepidean bezala, azken urteetan Ostadar Atletismo saileko kideek joera hori Michelingo kirol guneko atletismo pistan antzematen ari dira. Egun, federatu eta eskolarteko mailako ehun bat atleta daude Amaia Andresen eta Oscar Goikoetxearen gidaritzapean.
Harrobian edo adin txikiko kategorietan dago kide kopururik handiena. Benjamin mailan 23 gaztetxo daude, alebinak hemezortzi dira eta infantiletan 30eko taldea dute.
Amaia Andres eskolako arduradunak azaldu duenez, "aurtengoa urte hoberena da harrobiari dagokionez. Maila ezberdinetan talde polita dugu Eta gainera, txiki askok egin dute bat taldearekin".

Atletismoaren nondik norakoak ezagutu eta ikasturte amaieran hainbat proba egiteko aukera dute txikienek.
Eskolarteko mailan, alebin eta infantilek, esate baterako, lehen faseko topaketak egiten ari direla jakitera eman du Ostadar Atletismo saileko arduradunak. "Donostialdeko eskoletako taldetako kideek parte hartzen dute proba ezberdinetan eta horietan Gipuzkoako txapelketarako gutxienekoak lortzeko aukerak dituzte gaztetxoek", azaldu du Andresek.
Txapelketak
Bestalde, adina igo ahala atleta kopurua murrizten doala nabarmendu du. Maila horietan euren trebetasunak findu eta proba zehatzak prestatzeko egiten dute lan kirolariek. Federazioak antolatzen dituen proba libreetan lehiatu eta Gipuzkoako nahiz Euskadiko txapelketetarako gutxienekoak buruan izaten dituztela aipatu du talde urdin-beltzeko prestatzaileak.
Alabaina, Andresek azpimarratu duenez, badaude bi salbuespen, Naroa Furundarena eta Maider Rekondo; bi atletek Espainiako txapelketa dute jomuga.
Aurreko denboraldian Ostadarreko bi kideek lortu zuten helburua senior kategoriako aire librean; Furundarenak, gainera, pistakoan ere parte hartu zuen eta bietan lehen postuetan izan zen. Gainera, 23 urtez azpiko mailan aire libreko zein pistako podiumera igo zen jauzi hirukoitzeko proban; bietan zilarrezko domina jantzi zuen.
