57. aldia da Donostiako Fortuna taldeak Behobia-Donostia proba antolatzen duena. Aurten parte hartzaile kopurua mugatu dute antolatzaileek eta 30.000 bat kirolari izango dira ibilbidean barrena korrika, patinetan edo gurpildun aulkian.
Lasarte-Oriako 136 herritar izango dira irteera puntuan, antolatzaileek eskainitako datuen arabera. Horien artean, ez da Raul Gomez Margallo izango, entrenamendu batean izterrean min hartu du eta. Valentziako Maratoirako osatua egotea espero du herritarrak. Beraz, Jon Presa, Gorka Gil edo Maite Salazar izango dira jarraitu beharreko herrritarretako batzuk.
09:30ean hasiko da lasterketa. Gurpildun aulkiko partaideak izango dira Behobiako irteera puntutik ateratzen lehenak. Patinatzaileek bost minutu gehiago itxaron beharko dituzte martxan jartzeko eta lehen korrikalariek 10:00etan dute hitzordua. Azken horiek, dortsalaren kolorearen arabera ekingo diote lehiari. Hemeretzi multzo ezberdin izango dira eta azkeneko taldeak 11:30ean igaroko du irteera arkua.
Hogei kilometrotako bidea izango dute Donostiako Bulebarrean kokatzen den helmugaraino eta zaletuen txaloek eta animo oihuek aurrera egiten lagunduko diete ibilbideko puntu ugaritan.