Desberdinen arteko elkarrizketa espazioen aldarria egin dute Memoriaren Eguneko ekitaldian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 10a, 15:00

Euskal Herrian eta Lasarte-Orian motibazio politikoko indarkeria kasuak gogoan izan dituzte, gaur azaroak 10, Memoriaren Egunean. Askatasunaren parkean dagoen Biharraren oroipena eskulturaren inguruan ekitaldi xumea egin da eguerdian eta Lasarte-Oriako udalbatzarreko kideak, Bizikidetza taldeak eta hainbat herritarrek bat egin dute hitzorduan

Memoria historikoaren garrantzia nabarmentzeko, Lasarte-Oriako Bizikidetza taldeak osatutako Bizikidetzarako memoria erakusketako Lasarte-Oriako indarkeria kasuen panelek atondu zuten plazan.

Elkarrizketarako espazioak

Agustin Valdivia alkateak udal bizikidetza mahaiaren adierazpen bateratua irakurriz eman zion hasiera ekimenari.

Udal mahaiak motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz, giza eskubideen urraketak eta beste sufrimendu mota batzuk jasan dituzten pertsona guztiei elkartasuna adierazteko Memoriaren egunarekin bat egiten zuela azaldu zuen lehenik.

Eta udalbatzarreko talde politikoak osatzen duen mahaiak sufrimendu mota guztiak aitortzeko duen borondatea berretsi eta biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu nahi duela nabarmendu zuen.

Era berean, Lasarte-Oriako Bizikidetza taldeko kideen presentzia nabarmendu eta eurek egindako lanarengatik esker hitzak eskaini zizkien: "Herritar taldea motorretako bat izan da herriko bizikidetzan, biktimekin eta motibazio politikoaren ondorioz sufrimendu desberdinak pairatu dituzten 'bizilagunekin' gauzatu duten lanketa baliagarriagatik".

Horregatik, enpatiaz entzuteko espazioen boterea aldarrikatu eta desberdinen arteko elkarrizketa espazioen garrantzia azpimarratu nahi izan du alkateak udal bizikidetza mahaiaren izenean: "Biktimen, sufritu duten pertsonen, eta herriko 'bizilagunen' arteko elkarrizketarako espazio seguruak ezinbestekoak dira gure iraganera begiratu, gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak eta sufrimenduak mahai gainean jarri eta irakurketa partekatu bat egiteko. Giza eskubideen markoa oinarri hartuz eta herriko pertsona desberdinen testigantzei bere lekua emanez".

Aurrerapausoak eman eta iraganean gertatutakoaz ikasteko  hitz egin, elkar entzun eta elkar ulertzen saiatu behar garela ere adierazi du, "nahiz eta ehuneko ehunean ados ez egon bestearekin,"

Lore eskaintza

Hitzei bost minutuko isiluneak eman dio jarraipena eta ostean, lore eskaintza egin da. Plazan ezarrita dagoen plaka aurrean –EH Bilduren kasuan, hiru hilarri-totemetako batean– arrosa zuriak jarri dituzte 

Ahots doinuek eman diote amaiera ekimenari. Bildutako guztiek Lourdes Iriondoren Askatasuna zertarako? abestia kantatu dute.