Herritarren ibilaldia egingo dute larunbatean, Lasarte-Oria ezagutzeko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 10a, 12:15

Lasarte-Oriako bazterrak, historia eta hirigintza eredua sakonago ezagutzeko jarduera bat antolatu du Impact Hub Donostia kooperatibak, Danok Kide elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Bihar egingo du, larunbatez, hilak 12. Euskotren geltokian jarri dute hitzordua antolatzaileek, 10:00etan. Eragile horretako kideetako bat den Victor Aspe arkitekto donostiarrarekin elkartu da txintxarri, ekimen horri buruz gehiago jakiteko.

"Ez da bisita gidatu bat izango", azpimarratu du Aspek. "Kontua ez da gida batek lau orduz azalpenak eman eta herritarrek horiek entzutea; haien parte hartzea sustatu nahi dugu, gu baino askoz gehiago dakitelako Lasarte-Oriaz". Azaldu duenez, jarduera doakoa da eta horretan parte hartu nahi dutenek ez dute izenik eman beharko. "Librea da erabat: etor zaitez nahi duzunean, joan zaitez nahi duzunean, eta hitz egin ezazu nahi duzunari buruz". Aspek adierazi duenez, helburuetako da "goiz atsegin bat" igarotzea partaide guztiek, gure herriari buruz ikasi bitartean. "Jarduera ludikoa izateaz gain, uste dut herritarrek parte hartzeko tresna bat dela".

Euskotrenetik, Okendoraino 

Impact Hub kooperatibako kideak zehaztu duenez, hamabost mugarriko ibilbidea prestatu dute, Danok Kide elkartearekin batera. Eremu hauek denak ezagutzea aurreikusi dute: Euskotren geltokia, Michelin, Hipodromo zubia, Ama Brigitarren komentua, ibaiertza, Zumaburu parkea, autopista azpiko bidea, Karmengo kapera, Txartel hotela, San Francisco eta Plazaola bideak, Sasoeta, Green plaza, Froilan Elespe parke botanikoa, Mirentxu, Tximistarreta parkea, Kale Nagusia eta Okendo plaza.

Hori guztia, printzipioz behintzat, lau ordutan. "Ibilbide zehatz bat proposatu dugun arren, herritarren batek beste eremu edo guneren baten berri ematen badigu, hara joango gara", aurreratu du Aspek. "Behin eta berriro esango dut: interesgarriena da partaideek beraiek kontatzea haien bizipen eta istorioak". Arkitekoak onartu du ikus-entzuleak "zirikatzea" gustatzen zaiola: "Guneei buruzko galdera eta proposamenak egiten dizkiet, haiek zer pentsatzen duten jakiteko".

Jane Jacobs 

Hirigile estatubatuar-kanadiar bat izan zen Jane Jacobs (Pensilvania, AEBak, 1916-Toronto, Kanada, 2006). Hura zendu eta urte pare batera, lagun izan zituenak ibilaldiak antolatzen hasi ziren, Jacobs gogoratu eta hark aldarrikatutako kontzeptuak (hirigintzari lotutakoak, batez ere) lau haizetara zabaltzeko. Ipar Amerikan hasi zena azkar zabaldu zen mundu osora, baita Euskal Herrira ere. Azken urteetan Impact Hub arduratzen ari dira txango horiek egiteaz, Jacobsen filosofian oinarritutakoak: herrien historia eta ezaugarriei buruz gogoeta egitea, hirigintzaren ikuspuntu kritiko batetik. Donostiako auzo ugaritan aurrera eman dituzte jarduerak, bertatik ateratzea erabaki zuten arte: Pasaian izan ziren iaz, eta Lasarte-Oriara etorriko dira bihar. 

Bidelagun izateko prest

Lehen aipatu bezala, Lasarte-Oriako ibilaldia Danok Kiderekin batera prestatu dute Impact Hubeko lagunek. "Saiatzen gara herrian herriko elkarteen atea jotzen, haien bizilekuari buruz dakiten guztia konta diezaguten". Horrez gain, Aspek azpimarratu du "izugarri" gustatuko litzaiekeela Lasarte-Oriako eragileren batek bere paseo propioa antolatzea, egokien ikusten duten perspektibatik: feminismoa, ekologia, soziologia, geologia, eta abar. "Bidelagun izateko prest gaude". 

Aspek lasarteoriatarrak animatu ditu biharko hitzordura bertaratu eta Lasarte-Oriari buruzko ikuspegia ematera.