LOKEko judokak Euskadiko zein Gipuzkoako podiumetan izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko azaroaren 9a

Asier Sagasti (ezkerreko lehena) Euskadiko Txapelketako podiumean. Arg.: Euskal Judo Federazioa.

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) judokak txapelketaz txapelketa izan dira azken asteetan. Senior mailako Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketa eta kadete kategoriako Espainiako Kopa izan dira horietako batzuk eta podiumera ere igo dira Gorka Aristegik entrenatutako kirolariak

Hilaren 5ean, Euskadiko txapelketa lehiatu zen Hernaniko kiroldegian. Herriko taldeko bi ordezkarik parte hartu zuten, Asier Sagastik eta Haritz Urdangarinek eta lehen postuetan izan ziren biak. 

Sagastik 100 kilo baino gutxiagoko lehian zilarrezko domina jantzi zuen lau borroketatik hiru irabazi ostean.

Urdangarin, aldiz, 90 kilo baino gutxiagoko pisuan hirugarren postua eskuratzeko borrokan izan zen. Aurretik zazpi norgehiagokari aurre egin zizkien herritarrak. "Bere txapelketa eta progresioa izugarrizkoa izan da," adierazi du Gorka Aristegi LOKEko entrenatzaileak.

Euskadiko txapelketan garaikurrik lortu ez duen arren, urriaren 15ean, Urdangarin Gipuzkoako txapelketako podiumean egon zen; brontzezko domina eskurau zuen.

Lucas Morales taldekidea ere jardun zen lurraldeko lehiaketan eta hirugarren postua lortzetik gertu izan zen. Azken borrokan ezin izan zuen aurkaria gainditu, ordea; bosgarren sailkatu zen Morales.

Herritarrak Gipuzkoako txapelketako podiumeko hirugarren mailan. Ezkerrean, Talib Vergara; eskuinean, Haritz Urdangarin. Arg.: Gipuzkoako Judo Federazioa.

Ez ziren proba horretan parte hartu zuten herritar bakarrak izan. Usurbil judo taldeko Talib Vergarak 60 kilo azpiko mailan parte hartu eta brontzezko domina jantzi zuen.

Kadete Kopa
Seniorrez gain, kadete kategoriako judokek ere lehia hasi dute. Urriak 8an eta 9an, esate baterako, Espainiako Kopako jardunaldia izan zen Suancesen (Kantabria). LOKEko Iker Izquierdo (60 kiloz azpiko maila), Aitor Santos eta Tarieli 'Tato' Kevlisbvili (73 kiloz azpiko kategoria) judokak izan ziren bertan. Judoka gazteek lehiaketa ona egin eta esperientzia eskuratu zuten beste probei begira.

Eta ez da guztia lehia izango. Euskal Judo Federazioak urrian zehar antolatutako entrenamenduetan ere izan dira lanean herriko taldeko hainbat judoka.

Suanceseko Espainiako kopan lehiatu ziren LOKEko judokak. Arg.: Gorka Aristegi.