Autodefentsa feminista tailer batekin irekiko du udalak Azaroaren 25eko egitaraua

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 8a, 14:20

Ezker-eskuin: Olaetxea, Valdivia eta Iglesias, gaurko prentsaurrekoan.

Jarduera ugari prestatu ditu Lasarte-Oriako Udalak, hilaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira. Prentsa agerraldia egin duten ordezkariek nabarmendu dutenez, "gozatu bitartean kontzientzia eragitea" izango da ekimenen helburua. Programa hilaren 12tik abenduaren 1era bitartekoa da, "adin tarte guztientzat" prestatutakoa.

Udaleko Berdintasun teknikari Irati Olaetxea, Agustin Valdivia alkatea eta Emakumeen Zentroko teknikari Maite Iglesias arduratu dira Azaroaren 25erako prestatutako jardueren nondik norakoak emateaz. Valdiviak nabarmendu du udalak "gorriz markatuta" izan ohi duela egutegian egun hori, "beharrezkoa" delako "herritar guztien artean indarkeria mota horren aurka borrokatzea". Horretarako, ekimen hauek aurrera eramango dituzte datozen asteetan:

Jarduera Noiz? Non? Informazio osagarria
Autodefentsa feminista tailerra Hilak 12, larunbata. 10:30etik 13:30era eta 14:30etik 17:30era Emakumeen Zentroa Elebitan. Atal teoriko eta praktiko bana izango ditu, eta Emagin elkarteak emango du. Beharrezkoa da aurrez izena ematea 943-36 39 58 zenbakira deituta, emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatzita edo presentzialki, zentroan bertan.
Argazki eta ahalduntze tailerra Hilak 17, osteguna. 17:30etik 20:00etara Antonio Mercero gunea Euskaraz. Idoia Telleria argazkilari herritarrak emango du. Beharrezkoa da aurrez izena ematea 943-36 39 58 zenbakira deituta, emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatzita edo presentzialki, zentroan bertan.
Mujeres mayores, impacto del machismo en sus vidas hitzaldia Hilak 23, asteazkena. 17:30ean hasita Biyak Bat egoitza Gaztelaniaz. ONEKA Euskal Emakume Pentsionisten Plataformaren eskutik. 
Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Hilak 24, osteguna, 19:00etan Kultur etxeko hitzaldi aretoa  
Elkarretaratzea Hilak 25, ostirala, 12:00etan Okendo plaza  
Luze edo motz antzezlana Hilak 25, ostirala, 20:00etan Kultur etxeko auditorioa Euskaraz. Idoia Torregaray eta Mirari Martiarenaren eskutik. Sarrerek 3 euro balio dute.
Pronoia antzezlana Hilak 26, larunbata, 17:30ean Kultur etxeko auditorioa Gaztelaniaz. Virginia Imazen eskutik. Sarrerek 3 euro balio dute.
 No te preocupes querida filma Hilak 27, igandea, 19:30ean Kultur etxeko auditorioa Gaztelaniaz. Sarrerek 6 euro balio dute.
Lilithen aroak antzezlana Hilak 29, asteartea, 09:00etan Kultur etxeko auditorioa Euskaraz. DBH 3. eta 4. mailetako ikasleei zuzendutako jarduera.
Haurrentzako ipuin kontaketa Hilak 29, asteartea, 17:30ean Kultur etxeko hitzaldi aretoa Euskaraz. 6 eta 8 urte artekoentzako saioa, berdintasuna landu bitartean irakurketarekin jolasteko. Maria Garcia Lodero-ren eskutik.
Sálvese quien pueda, Canal 38 antzezlana Abenduak 1, osteguna, 19:30ean Kultur etxeko hitzaldi aretoa Gaztelaniaz. Makelur konpainiaren eskutik. Sarrerek 3 euro balio dute.

Iglesiasek eta Olaetxeak zehaztu dute Errespetuz jokatu lelodun banderolak jarriko dituztela Hipodromo zubian, ostiral honetatik hasi eta hilaren 30era arte. Bidenabar, elkarretaratzearen egunean zenbait zapata gorri jarriko dituzte Okendo plazan, aurten gertatutako erailketa matxistak salatzeko, eta "biribil moreak" erabiliko dituzte indarkeria mota horren gaineko estatistikak emateko, Lasarte-Oriakoak nahiz EAEkoak. Kutxa more bat ere jarriko dute Okendon, lasarteoriatarren iradokizun, iritzi eta kezkak biltzeko.

Prentsaurrekoa amaitu aurretik, hiru ordezkariek herritar oro animatu dute antolatutako egitasmoetan parte hartzera.