Buruntzaldea IKTko infantilek denboraldiko lehen 'giltzak' eskuratu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2022ko azaroaren 8a

Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuak Neguko Ligako bigarren saioa hartu zuen, hilaren 5ean. Buruntzaldea IKTko kideek jardunaldia antolatzeaz gain, infantil, junior eta absolutu mailako probetan lehiatu ziren

Buruntzaldea IKTko hamahiru igerilari izan ziren lehian ligako saioan. gehienek euren helburua lortu zuten; guztien artean, hamabost marka pertsonal ondu zituzten:

  • Nora Miguelez: 400 m. lau estilo, 07.07,04 eta 200 m. libre, 02.59,99.
  • Amaiur Iparragirre: 400 m. lau estilo, 07.06,94.
  • Ane Meyer: 100 m. lau estilo, 01.44,97 eta 200 m. libre, 03.00,91.
  • Maddi Gorostegui: 400 m. lau estilo, 06.36,66; 50 m. tximeleta, 39,94 eta 100 m. tximeleta, 01.41,12.
  • Irati Etxeberria: 50 m. libre, 32,80 eta 200 m. libre, 02:42,83.
  • Miren Sarobe: 100 m. bizkar, 01.18,81.
  • June Lopez: 50 m. tximeleta, 35,41.
  • Iker Gorostegui: 50 m. libre, 27,56 eta 100 m. bizkar, 01.12,25.
  • Unai G. Somovilla: 50 m. libre, 26,94.

Taldeko prestatzaileek azaldutakoaren arabera, Gipuzkoako Neguko Txapelketarako baliagarriak diren gutxienekoak egiteko gai direla erakutsi dute infantil kategoriako igerilariek: "Gutxienekoak oraindik ez dira ofizialak baina maila horietan, 'giltza' izenez ezagutzen ditugun markak egin behar dituzte Gipuzkoako zein Euskal Herriko Neguko Txapelketetan parte hartzeko". Ondorioz, Mayi Gorosteguik, Nora Miguelezek eta Amaiur Iparragirrek 400 m. lau estilo probetan egindako markek "seguruenik" Gipuzkoako Neguko Txapelketarako txartela eman dietela aurreratu dute taldeko ordezkariek.

Junior eta absolutuen kasuan, forma fisiko egokira iristea zailagoa izaten dela jakitera eman dute kirol elkarteko prestatzaileek. Horregatik, maila horretako igerilari batzuk marka pertsonalik lortu ez bazuten ere, helburua gainditzeko gertu izan zirela nabarmendu dute Buruntzaldea IKTko kideek, esate baterako, Unai Somovilla 50 m. tximeleta proban, Saioa Elola eta Alba Escribano estilo libreko 200 m. saioan eta Garazi Etxeberria 100 m. bular seriean.

Igerilariek prestakuntzarekin aurrera jarraituko dute, "emaitza hobeak lortzeko helburuarekin". Hurrengo hitzordua azaroaren 26an dute Andoaingo Allurralde igerilekuan.

Azkenik, Buruntzaldea IKTk eskerrak eman nahi dizkie jardunaldi hori aurrera eraman ahal izateko laguntzaile lanetan egon ziren guztiei.