Lasarte-Oriako merkataritza, zerbitzu pertsonal eta ostalaritza hauspotzen jarraitzeko asmoz, kontsumo bonuen kanpaina iragarri du udalak. Egitasmoa abiatzen duen hirugarren urtea izango da aurtengoa, eta astelehen eguerdian eman dituzte argibideak udal ordezkariek.
Iaz bezala, aurtengo bonuak ere atari digital baten bidez eskuratu beharko dituzte interesdunek; honako helbidea prestatu dute horretarako: www.lasarteoriabonoak.eus . Bertara sartzen direnek erregistroa egin beharko dute lehenik. Ostean, egitasmoarekin bat egin duten saltokien zerrenda agertuko zaie. Horrela, bonuen bidez erosketa egin nahi duten establezimendua aukeratuko dute, eta bertan erabil nahi dituzten bonu kopurua zehaztu. Bezero bakoitzak gehienez hamabi bonu eskuratu ahal izango ditu, baina komertzio bakoitzean ezingo ditu sei baino gehiago erabili. Aurten, gainera, bonuak ez dira eskuratu ahala ordainduko. Erreserbatuta geratuko dira, eta erosketak egiteko unean erabiliko dira; erosketa balioaren erdia zuzenean diruz ordainduko diote erosleek dendariari. 10 euroko balioa izango dute; horietatik 5 euro bezeroek jarriko dituzte euren poltsikoetatik. Alde hori (egitasmoaren kostuaren erdia), udalak hartuko du bere gain. Horretarako 100.000 euro bideratuko dituzte kanpainara eta beste erdia, herritarrek erositako bonuen diruarekin osatuko da. Hortaz, orotara 200.000 euroko "diru-mugimendua" sortuko da herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzan.
Erreserbak modu telematikoan egiteko aukerarik ez dute herritarrek, Mirentxura joateko aukera izango dute; bertako langileek lagunduko diete tramitea egiten.