Irungo Ficoba erakustazokan jokatu zuten Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa, iragan larunbatean. Bertan aritu zen Ane Labaka lasarteoriatarra, beste bost bertsolarirekin batera: Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Miren Artetxe eta Maddalen Arzallus. 631,5 puntu bildu zituen, eta larunbat honetan Durangoko saioan gertatzen denaren arabera, bigarren itzulian jarduteko aukera izango du ala ez. Bertan abestuko duten sei bertsolarietako batek herritarrak baino puntuazio baxuagoa eskuratuko balu, Labakak aurrera egingo luke; sailkapen orokorreko azken seiak kaleratuko dituzte.
Sustrai Colinak irabazi zuen Irungo saioa, 710 puntu zakuratuta; bigarren izan zen Nerea Ibarzabal, 673 alerekin; hirugarren, Jone Uria, 660,5ekin; laugarren, Miren Artetxe, 644rekin; bosgarren, Maddalen Arzallus, 635ekin; eta seigarren, Ane Labaka, 631,5ekin.
Bertsolari Txapelketako finala Iruñean jokatuko dute, abenduaren 18an.