Ordenantza fiskaletako tasek %2ko igoera orokorra izango dute datorren urtean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 4a, 17:56

Datorren urteko ordenantza fiskaletan jasotako tasak %2 igotzea adostu du udal korporazioak. PSE-EEk soilik bozkatu du alde, abstenitu egin dira EAJ-PNV eta ELOP, eta aurka egin du EH Bilduk. Hala ere, nahikoa izan da txostena onesteko. Oposizioko alderdi guztiek kritikatu dute "udal gobernuak gai hori kudeatzeko erakutsi duen ezintasuna".

Ordenantza fiskalen igoera "neurtua" onartu du udal korporazioak, Agustin Valdivia alkatearen hitzetan. Ezohiko saioa egin du, txostena bozkatu eta horri aurkeztutako zenbait emendakin eztabaidatzeko. Datorren urteko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko den proposamenak aurrera egin du, PSE-EEren aldeko bozkekin. EAJ-PNV eta ELOP abstenitu egin dira, eta aurkako iritzia eman du EH Bilduk. 

Tasa ia guztiak %2 garestiagoak izango dira 2023an. Aurrezki Kutxen Fundazioak (FUNCAS) egindako aurreikuspenak hartu izan ditu oinarri udal gobernuak historikoki, baina ez da hala izango datorren urterako ordenantza fiskaletan, eragile horrek estimatu baitu Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %7,5 igoko dela. "Egia esanda, ordenantzak zertxobait gehiago garestitu beharko genituzke, 2023an garestitu egingo direlako udalak ordaindu beharreko gauza ugari, baina igoera neurtu bat proposatu dugu, herritarren egoera zein den kontuan izanda. Eskerrak eman nahi dizkiet EAJ-PNVri eta ELOPi, proposamena onesteko aukera emateagatik", adierazi du alkateak. 

Oposizioaren balorazioak

Horren aurretik, oposizioko alderdiek bozkatutakoa azaldu dute. Hala, ELOPeko bozeramaile David Aresek zehaztu du "arrazoizkoa" iruditzen zaiela ordenantzak %2 garestitzea, kontuan izanda FUNCASen proposatutakoa baino baxuagoa dela. Hala ere, udal gobernuaren jarduna kritikatu du: "Ez gaude ados gaia jorratzeko moduarekin, berandu ekarri baitu udal gobernuak gaia mahai gainera, eta ez dugu analisi sakonik egiteko astirik izan: aurkeztu ditugun emendakinek aldaketa txiki batzuk besterik ez dituzte planteatzen, ez dugulako gehiago egiteko denborarik izan".

Ildo beretik mintzatu da EAJ-PNVren ordezkari Jon Antxordoki. "Udal gobernuak, eta ez ogasun kontuetan bakarrik, ohitura hartu du gauzak berandu egiteko, taktika bilakatu du: hamabost egun natural, hamar lanegun izan ditugu emendakinak prestatzeko. Urte batean, salbuespen gisa, gerta daiteke, baina ez behin eta berriro. Gero eta urrutiago gaude". Horrekin batera, adierazi du jeltzaleek uste dutela udalak ordenantza fiskalak izozteari aurre egin ziezaiokeela, baina ez daudela %2 igotzearen aurka. Halaber, lan mahaiak sortzearen premiaz hitz egin du: "Bi legealdi daramatzagu zain".

"Ados egon gintezke ordenantzetako tasak %2 garestitzearekin, baina azterketa sakoagoa eginda, ikusi dugu udal gobernuak gauzak kudeatzeko ezintasuna erakutsi duela beste behin", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Esti Garmendiak. Norabide horretan, gai hori jorratzeko lan mahaiak eratzearen beharra aldarrikatu du, "datu gehiago izan eta ordenantza landuagoak garatzeko". "Noski, hori baino lehen, norabideak finkatu behar dira, lehentasunak zeintzuk diren zehaztu eta horien gainean lan egin". Garmendiaren irudiko, udal korporazioak "orokortasunean" onetsi ditu ordenantzak, baina ez da "xehetasunetara iritsi". 

Aurkeztutako emendakinak

Arestian esan bezala, oposizioko alderdietako bakoitzak emendakinak aurkeztu dizkio 2023ko ordenantza fiskalen txostenari. Aurkeztu ostean, bozkatu egin dituzte, eta plenoan eztabaidatutako bakar bat ere ez dute onartu.

  • ELOP: hutsik dauden etxebizitzen Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) %50etik %100era igotzea, legeak hala egitea ahalbidetzen duenean.
  • EAJ-PNV: ostalaritza eta merkataritzaren gisako jarduerak aurrera eramaten dituztenei hondakinen bilketa tasa izoztea; ur horniduraren tasa izoztea; eta estolderiaren tasa izoztea. Horrez gain, sanpedroetan barrakak jartzen dituzten negozioek ordaindu beharreko metro karratuko diru kopurua berdintzea, lanegun ala jaiegun izan. 
  • EH Bildu: irabazi asmorik ez duten pertsona fisikoak nahiz elkarteak salbuetsita egon daitezela udal instalazioak erabiltzeaz gain teknikariei ordaintzeaz, eta baita ikuskizunetarako sarreren prezioak ezarri izanagatik horien gaineko tasa pagatzeaz ere.