Baserriko produktuz beteko da Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 4a, 14:27

San Martin Eguna (azaroak 11) aitzakia hartuta, Baserriko Produktuen 9. Azoka iragarri dute Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. Hilaren 12an izango da, Okendo plazan eta askotariko produktuak erosteko aukera eskainiko dute

Baserritar azokak, ekoizleentzako euren baserrietan produzitzen dituzten produktuak saltzeko aukera "ezin hobeak" direla azpimarratu du Ainhoa Amundarain Behemendiko ordezkariak. Gaineratu du sektoreak bizi duen barne krisiak eta kontsumoaren jaitsierak, are garrantzitsuago bihurtu dituela salmenta zuzena jorratzeko aukera horiek. 

Aurtengoa, herrian egiten duten bederatzigarrena izango da, eta 11 ekoizlek parte hartuko dute bertan, eta zortzi bat postu jarriko dituzte. Goizeko 10:00etatik 14:00etara izango dira herriko Okendo plazan, beraz, lau orduko tartea eskainiko dute erosketak egiteko. Barazkiak, frutak, fruitu lehorrak, sagar barietate ezberdinak, hazi ekologikoak, kosmetika naturala, kontserbak, gaztak, gozoak eta bestelako zenbait produktu erosteko aukera izango dute bezeroek. Horien artean, berta-bertakoak ere bai, Lasarte-Oriakoak. 

Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte azokara joan eta produktuak eros ditzaten.