Igandean, maila ezberdinetako korrikalariak –krosean debuta egiten dutenetatik masterretara– bilduko dira Donostiako Hipodromoan. Donostiako 66. Nazioarteko Krosa jokatuko da. Atletismo egokituko partaideak ere izango direla aurreratu dute antolatzaileek.
10:10etik 14:00etara, hamar lasterketa izango dira. Master eta atletismo egokituko probak emango dio hasiera; senior eta 23 urtez azpiko mailako lehiaketarekin amaituko da 13:05ean.
Lasterketa federatuetan, gainera, Euskadiko banakako zein klubetako txapelketak izango dira lehian. Beraz, euskal atleta eta nazioarteko atleta talde ederra izango da.
Lasarte-Oriako ordezkaritzari dagokionez, Ostadar Atletismoa sailak hogei bat gaztetxo aurkeztuko ditu krosera. Benjamin ( 600 m.), alebin (850 m.) eta infantil mailan (1.600 m.) arituko dira. 20 urtez azpiko proban Zumeatarra taldeko Aimar Sukunza eta Unai G. Somovilla herritarrek parte hartuko dute; 3.600 metroko ibilbidea egingo dute. Senior mailan ere izango da lehiakiderik, Lasarte-Oria Bai! krosa laugarren amaitu zuen Jon Presa. Maila horretako parte hartzaileek 8.850 metro egingo dituzte.