Itxaronaldiak merezi izan du; ederra izan da itzulera

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 4a, 11:48

Hiru urteko itxaronaldia eta gero, gogoz hartu dute parte hartzaileek Lasarte-Oria Bai! 25. Kros Herrikoia. 800 parte hartzaile baino gehiago izan ditu aurtengo edizioak, eta esfortzuak esfortzu, guztiek gozatu dute lasterketaz eta horrek sortzen duen giroaz. Lehiaketa guztietan bezala, garaileak ere izan ditu, eta horiekin hitz egiteko aukera izan du TXINTXARRI-k

"Nire onena eman dut eta zortea izan dut"

CRISTINA BORRAS - IPARMARTXALARI GARAILEA

Esperientzia oso ona izan da, beti bezala, Lasarte-Oriara etortzea plazera da. Anfitrioi ederrak dira Ostadar Ipar Martxa taldeko kideak. 
Krosean parte hartzen dudan  bigarren aldia da. Pandemia aurrekoa izan zen lehena eta berriz ere hona etorri eta parte hartzeko gogoa genuen. Pozik amaitu dut aurten ere, batetik irabazle izan naizelako, eta, bestetik, lasarteoriatarrek egin diguten harreragatik.

Inguruaren esaten zidaten podiumera igo behar nintzela, eta lortu dut. Nire onena eman dut, ipar martxagatik, ni kide naizen klubarengatik, Nordic Walking Girona, eta noski Lasarte-Oriako taldearengatik ere bai. Hortik aurrera dena ongi joan da, eta garaile izateko zortzea izan dut. 

 

"Ibilbidea ongi prestatuta etorri naiz; irabaztera"

XIMON VILLALOBOS - PATINATZAILE GARAILEA


Parte hartu dudan lehen aldia izan da. Lasarteoriatarra naizen aldetik, aspaldidanik nuen bertan aritzeko gogoa, baina azkenengo edizioan eskua hautsia nuenez, ezin izan nuen. Irabazteko intentzioarekin etorri naiz. Prestatuta nuen zirkuitoa, ondo ikasia eta oso pozik nago egindako lanarekin; etxean irabaztea oso berezia da.

Ibilbideak baditu zailtasun batzuk. Eremu teknikoena Tajamar biribilgunera iristeko jaitsiera izan da. Dena den, arestian esan bezala, nik ibilbidea ondo ikasia nuenez, bertan atakea jotzea erabaki dugu taldekide batek eta biok eta oso ondo atera zaigu. Harrapatu gaituzte gero Zubietara heldu aurretik, baina egindakoarekin gustura amaitu dut proba. 

 

"Horrelako lasterketak mantendu behar dira"

AMALE MUGICA - PATINATZAILE GARAILEA

 
Lasterketa ondo joan da. Pixka bat exijentea da, azkarra, baina ondo moldatu naiz. Banekien hala izango zela, aurretik parte hartu izan baitut. Irabazteko esperantzaz etorri naiz, baina gauzak ez direnez beti batek nahi bezala ateratzen, ez nekien zer gertatuko zen.  

Giroa ederra sortzen da krosaren aitzakiaz, ondo antolatuta dagoen kirol proba da eta pozik noa etxera. Gertu harrapatzen nau eta horrelako lasterketak aprobetxatu behar dira; inguruan ez daude horrelako asko, hortaz mantendu behar direla uste dut. 

 

"Uste baino denbora hobea egin dut"

ARATZ RODRIGUEZ - LASTERKARI GARAILEA

 
Federatu gisa aritu naiz urte luzez, eta eta otsailean bertatik pixkanaka-pixkanaka erretiratzeko erabakia hartu nuen. Horren ondorioz, ahalmen fisikoa galtzen ari naiz, eta etorri naiz, batez ere nire ahizparekin plan bat egin asmoz. Gertatzen da lehiaketetan aritu garenok lehiakortasuna barruan daramagula, eta, hori kontuan hartuta, uste baino denbora hobea egin dut. Gustura nago egindako lanarekin. Oso lasterketa alaia da, jende asko irteten da kalera  animoak ematera eta giroa sekulakoa da. Zirkuitua gogorra da, ezin dut kontrakorik esan, baina mimoz prestatutako kirol proba da. Oso pozik nago egindakoarekin, eta orain, txuleta eder bat jateko aitzakia bikaina dut. 

 

"Irabazle izatearekin amesten nuen; pozik nago"

YOUNESS BLYAMNA - LASTERKARI GARAILEA


Asko prestatu naiz lasterketa honetara etortzeko, eta irabazle izatearekin amesten nuen, horretarako prestatu bainintzen. Oso pozik nago lortutakoarekin, dena aurreikusi bezain ondo joan da. Banekien ondo aritzeko aukerak nituela, Andaluzian eta Portugalen antzeko lasterketetan parte hartu baitut, eta hango emaitzak ikusita, banekien Lasarte-Orian ere lan ona egin nezakela. Kros hau beste zenbait lasterketa prestatzeko lagungarria zait, eta hemendik aurrera, orain arte gisa gogor entrenatzen jarraituko dut.