1.000 euro, hiru ordutan xahutzeko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 3a, 11:43

Kanpaina bat amaitu (Ferraren bila) bezain pronto jarriko du martxan berri bat Aterpea merkatarien elkarteak; oraingoan, 1.000 euro eskuratzeko aukera eskainiko die bezeroei. Hilaren 7tik 19ra egitasmo horretan parte hartuko duten komertzioetan erosketak egiten dituzten erosleek parte hartuko dute zozketan

Eskuratu 1.000 euro kanpaina aurkeztu du asteazken eguerdian Aterpea merkatarien, ostalarien eta zerbitzu establezimenduen elkarteak. Herriko Etxean eman dute egitasmoaren berri. Hilaren 7an hasi eta 19ra arte izango dute herriko komertzioetako bezeroek kanpainan parte hartzeko aukera, eta, horretarako, egiten dituzten erosketa bakoitzeko papertxo bat bete beharko dute. Horiek kutxatxo batean sartuko dituzte denden jabeek, ondoren, zozketarako erabil ditzaten. 

Merkatarien elkarteko kide diren establezimenduetan gastatzeko 10 euroko ehun erosketa txartela irabaziko ditu zozketaren garaileak. Horiek, ordea, hilaren 29an erabili beharko ditu, hiru ordutan, 17:00etatik 20:00etara. Merkatarien elkarteko ordezkariek zehaztu dute komertzio bakoitzean gutxienez hamar euroko gastua egin beharko duela, eta, asko jota, 100 euro xahutu ahalko dituela: "Horrela bermatzen dugu gutxienez hamar negozio izango direla kanpainaren onuradun". Bidenabar, nabarmendu dute adibidez garaileak 28 euroko erosketa bat egiten badu, berak erabaki beharko duela hiru erosketa bonu erabili, edo bi xahutu eta zortzi euro jarri bere poltsikotik. 

Zenbait erosketa txartelen truke opari txartelak jaso ahal izango ditu irabazleak, adibidez, ile-apaindegi eta estetika zentroetan erabili nahi baditu. Hilaren 29an hiru ordutan ez bailioke horiek erabiltzeko denborarik emango.