Gogoz itzuli da Lasarte-Oria Bai! krosa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 30a, 11:15

Lasarte-Oria Bai! 25. kros herrikoiaren sarituak.

Lasarte-Oria Bai! 25. Herri krosak berriz ere gure herriko kaleak alaitu ditu. 25. urteurrena ospatzen den honetan, Youness Blyamna eta Aratz Rodriguez korrikalariek, Ximon Villalobos eta Amale Mugika patinatzaileek eta Cristina Borras eta Imanol Yanguas ipar martxa ibiltariek eraman dituzte sari nagusiak. Beste bost sari berezi ere banatu dira parte hartzaileen artean

Lehen ordutik korrikalariek, patinatzaileek eta ipar martxa ibiltariek hartu dituzte Lasarte-Oriako erdiguneko kaleak. Guztira 835 parte hartzaileek eman dute izena gaurko proban. Hipodromoan, Michelin kirol gune aldean, Kale Nagusian... azken beroketak egin eta Geltoki kaleko arkura joan dira guztiak txistularien doinua jarraikiz. 

Irteera puntuan, omenaldi txikia egin zaie lasterketa sortu zuten Imanol Bardaji, Gabi Valin, Joxean Alberdi eta Roberto Rebe laukoteari. Ezustekoa jaso dute horietako biek; Kukukako dantzarien aurrean Miren Bardaji eta Maitane Rebe alabak jarri dira eta herriko txistulariekin batera Andre Bardaji egon da. Guztiek agurra eskaini diete omendu eta parte hartzaileei.

Ostean, patinatzaileak ziztu bizian atera dira. Lasterketariek pixka bat gehiago itxaron behar izan dute; lehen ilaran ikusi ditugu Jon Presa edo Raul Gomez Margallo herritarrak. Horiek ere irtera deia entzun eta erritmo bizian ekin diote probari. Minutu batzuk geroago, ipar martxako ibiltariak Ostadar Ipar Martxaren Rosa Ormazabalek eta Gironako Cristina Borrasek ezarritako erritmoa jarraituz arkua zeharkatu dute.

Lehia estua izan da proba guztietan. Patinatzaileetan Ximon Villalobos herritarra eta Julen Urkizar Irristaka taldeko kideek ihesi atera dira Euskotreneko biribilgunea baino lehen. Hala ere, Hipodromoan atzetik zetorren taldetxo batek harrapatu ditu eta azken metroetan ahalegin handia egin du herritarrak helmuga lehen igarotzeko. Bigarren Urkizar izan da eta hirugarren postuan David Gonzalo iritsi da. Emakume mailan, aldiz, hasieratik buru izan da Amale Mugica donostiarra eta aldea ireki du Kale Nagusira iritsi baino lehen. Ederki mantendu ditu aurkariak atzean eta helmugara bakarrik iritsi da. Marta Garciak eta Olatz Iparragirrek osatu dute podiuma.

Azken luzean erabaki da korrikalarien lehia. Lasterketa buru jarri da Youness Blyamna eta atzetik izan du Ander Sagarzazu. Hipodromo aldean bat egin dute eta  elkarrekin iritsi dira azken 100 metroetara. Azken esprinta eginez marokoarak jantzi du txapela. Hirugarren Xabier Lukin izan da. Emakumeen mailan, Aratz Rodriguezek aurre hartu du hasieratik eta bakarrik iritsi da helmugara. LOKEko harrobian hezitako Irati Larrañaga usurbildarra bigarren izan da eta podiumeko azken maila Maialen Gurrutxagak bete du. 

Ipar martxako ibiltarien artean azkarrena Gironako Cristina Borras izan da; gizonetan lehena, aldiz, Imanol Yanguas. Horiekin batera Maria Teresa Jimenez eta Manoli Zumeta herritarra zein Axire Baro eta Josep Xargayo izan dira podiumean.

Gainerako sarituak honakoak izan dira:

  • Krosa lehen juniorra: Unax Goenaga/Maddi Lorenzo.
  • Krosa lehen herritarra: Julen Goenaga/Nora Muñoz.
  • Krosa lehen herritarra, senior maila: Jon Presa/Nerea Arteaga.
  • Krosa lehen herritarra, beterano maila: Raul Gomez Margallo/Paqui Lopez.
  • Krosa Ostadarren lehen bazkidea: David Martin/Leire Centeno.
  • Patinatzaileak, lehen herritarra: Iñigo Suberbiola.
  • Ipar martxa, lehen herritarra: Oscar Lopez/Arantxa Sarobe.
  • Ipar martxa, Ostadarren lehen bazkidea: Ricardo Ortega/Manoli Zumeta.