Urriak emandakoa gainbegiratu dute Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 28a, 21:35

Hilabetero bezala, Lasarte-Oriako Sarek Azken Ostirala aurrera eraman du iluntzean. Elizatze plazan elkarretaratzea egin ondoren, Okendoraino joan dira, eta bertan, hilabeteak emandakoari buruz Sare eta Etxeraten irakurketa partekatu dute. 

50 bat herritarrek parte hartu dute urriko ekintzan. Azken aldiko jarraibideak pixka bat moldatu eta adierazpenak amaieran bakarrik egin dituzte. Kalean barrena ibili ondoren, Okendo plazan, Ixiar Arteagak hitza hartu du aipatu adierazpenaren berri emateko. Laburbildu duenez, urrian poztu, amorrarazi eta kezkatzeko arrazoiak izan dituzte, baita aurrera begiratzekoak ere.

Poztekoen artean, 33 urtez espetxean egon ondoren, Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal euren zigorrak etxean betetzen ari direla. "Neurri handi batean, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, erakundeen eta herritarren mobilizazioari esker izan da. Inplikatu eta lan egin dutelako lortu dute", azaldu du Arteagak. Uste dutenez, herritarren bultzada eta mobilizazioen emaitza da ere hamaika preso Euskal Herrira hurbiltzeko erabakia, nahiz eta ez urrunketarekin  ez salbuespen neurriekin ez duten erabat bukatu. Gogoratu du, noski, Ibon Fernandez Iradi herritarra Martuteneko espetxera ekarri dutela, zer baldintza izango dituen ikusteko badago ere edota "berez beharko lukeen lekura iristen den", alegia, "etxera, etxekoekin sendabidean jartzeko aukera benetan gauzatzen den". 

Amorrua eragin dietenen artean, Xabier Atristainei gertatutakoa, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarren gradua kendu eta berriro espetxeratu dute. 

Aurrera begiratzeko, berriz, hilaren 8an Illunben egindako jaialdia. Aurreikusitakoa "bete" eta emaitzarekin "oso gustura" daude, bereziki, laguntza eskatu eta jaso zutelako. Mobilizazioekin jarraitzeko beharra berretsi du Arteagak beste behin, "preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera itzultzea helburu badugu, bide horri helduta lortuko dugula uste dugu". 

Presoen batzordetik, berriz, abenduaren 16rako ekintza bat prestatzen ari direla aurreratu dute, aurrerago emango dituzte zehaztapenak; eta Azken Ostiralean gai zehatz bati buruzko irakurketa egiteko dinamikari eutsi asmoz, azaroaren 10ean, osteguna, 19:00etan, elkartuko dira Xirimirin datorren urtekoei "forma ematen hasteko".