Ave Maria emanaldiak hasiera eman dio XVII. Musika Topaketari

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 28a

Abian da Danok Kidek antolatutako XVII. Musika Topaketa. Lehen saioa ostiral iluntzean egin dute Ama Brigitarren komentuan. Bertako organoa izan da Ave Maria emanaldiko protagonistetako bat. Ana Belen Garcia organista andoaindarrak jo du, eta doinuak lagunduta abestu dute Easo Abesbatzako Marta Garcia eta Maria Jaunarena sopranoek eta Ander Larruskain eta Izei Mugica tenoreek. Hamahiru piezako kontzertua eskaini dute, L. Vierne, F. Schubert, M. Dupré, C. Franck, C. Verdi, P. Tosti, C. Gounod eta V. Bellini idatziak. Korutik aritu dira musikariak eta kaperako eserlekuak bete dituztenek pantaila batean ikusi ahal izan dute. Komentuko mojetako batzuek, berriz, bertatik bertara entzuteko aukera izan dute.