Etxeko txiki eta gazteen hiru urteko itxaronaldia ere amaitu da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 28a, 11:00

2019ko Korrika Festako irudia.

Lasarte-Oriako haur eta gazteek erdiguneko kaleetan barrena lasterka egingo dute igandean. Oraindik badago aukera dortsalak hartzeko. Gaur arratsaldean Manuel Lekuona Kultur Etxean izena eman ahalko dute; bihar eta etzi, Michelin kirol gunean

Igandean Korrika Festaren edizio berezia izango da. Hiru urteko etenaren ostean, Geltoki eta Uistin kaleak senide, lagun eta herritarrez beteko dira 5 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteak  lasterka ikustera. Ordubetez mila bat partaideren (antolatzaileen aurreikuspena hori da) ausardia eta trebezia izango dira protagonista. 

Adinaren arabera, 1.200 eta 100 metro arteko lasterketak egingo dituzte igandean. Gaztetxoak –infantil eta kadete mailako partaideak– izango dira korrika egiten lehenak. 12:15ak aldera izango da hori. 

Ostean, Korrika Festa lehenengoz biziko duten 2017 (12:35ean) nahiz 2015-2016 urteko haurren txandak (12:45ean) izango dira. Horiek distantzia motzenak egingo dituzte; 100 metro eta 150 metro, hurrenez hurren. Ordutegiak eta ibilbideak ondoren dagoen mapan ikus daitezke.

Irudia: Bikain

Izen ematea egitean jasotako kamiseta teknikoaz gain, helmugara iristean guztiek izango dute saria; Jalguneko lagunek banatuko dute adin bakoitzari dagokion oparia.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez,  haurrek lasterketa hasi baino 15 minutu lehenago egon beharko dute dagokien harrera guneetan. Izena eman ez duten gazte eta haurrei azken ordura arte ez itxaroteko gomendioa egin diete antolatzaileek. 

Horretarako, gaur inskripzio gunea irekia egongo da, hilak 30, Manuel Lekuona Kultur Etxean, 17:00etatik 20:00etara;  bihar, Michelin kirol guneko pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Azken aukera, igandean bertan izango da, 09:00etatik 10:00etara, kirol gunean.