Euskadiko Mendi Igoeren denboraldiko azken probak jokatzen ari dira. Hilaren 23an, Urrakira igoera jokatu zen Azpeitian eta Aitor Manso zein Alejandro Lopez herritarrak izan ziren lehian. Manso podiumera igo zen bitan
Lehen orduetako euria izan zen eta parte hartzaileek ur gurpilak muntatu behar izan zituzten. Beroari eta haizeari esker, errepidea lehortzen joan zen. Alabaina, itzaleko eremuetan hezetasuna nabari zen entrenamenduan eta lehen saio kronometratuan. Hala ere, Joseba Iraola bere Norma NP01 ibilgailuan nagusi izan zen igoera ofizialetan. Lehenengoan 02.52,148 behar izan zituen ibilbidea egiteko eta azkenean, aldiz, 02.49,366ko marka egin zuen.
Atzetik, Aitor Manso herritarra izan zen BRC B49 ibilgailuarekin. Gidari gazteak entrenamendutik (03.45,757) lehen saiakerara ederki ondu zuen denbora (03.15,444) eta bigarren aukeran ere ez zuen hutsik egin; 03.07,426 geratu zuen kronoa. Sailkapen orokorreko bigarren postuaz gain, 8. mailako podiumeko gorenera igo zen lasarteoriatarra.
Jaizkibel taldeko bi gidariek ederki ezagutzen dute elkar eta txapelketa lehen bi postuetan daude. Egun Manso herritarra da lehen postuan 195 punturekin; Iraolak 162 ditu. Erkidegoko lehian zein beste probatan elkarren aurka aritzen dira. Hilaren 8an, esate baterako, Urbasako igoeran parte hartu zuten biek. Nafarroako lehiaketa izanik, ez zen puntuagarria. Hala ere, Iraolak errekorra hautsi zuen, 02.57,862; Manso herritarrak hirugarren amaitu zuen proba 03.21,471 denbora eginez eta 8. mailako garaile izan zen. Lopez herritarra ere izan zen bertan eta azken igoeran 04.09,307 egin zuen.
Euskadiko txapelketako garailea zehazteko proba bakarra geratzen da, Sollubeko igoera. Azaroan 19an lehiatuko da eta bertan lan ederra eginez gero, txapelketa eskuratu dezake Lasarte-Oriako gidariak.
Mansoz gain, Alejandro Lopez bere BMW 316i turismoa gidatzen izan zen Urrakin eta hirugarren mailako hirugarren postuan sailkatu zen Lopez 03.31,217 denborari esker.
Lur gaineko probak
Bestalde, Nafarroako Lur gaineko Rallyetan dabil lehian Ekaitz Kortajarena. Hilaren 2an, bere anaia Mikel laguntzaile lanetan izan zuen RACVN proban. Nafarroako Los Arcoseko zirkuituaren inguruan bi eremu egin behar zituzten txandaka lehiakideek Arronizekoa hirutan eta Allokoa bitan. Lehen bi saioak ongi joan ziren Kortajarena anaientzat. Tamalez hirugarrenean Ford Focusak matxura garrantzitsua izan eta lehiaketa utzi behar izan zuten.