Buruntzaldea IKTko igerilariek markak ontzen hasi dute Neguko Liga

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 26a

Neguko Ligako lehen jardunaldian parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutuek Neguko Ligari hasiera ederra eman diote; 16 marka pertsonal ondu dituzte Tolosan jokatutako lehen jardunaldian

Hilaren 22an, Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutu mailako igerilariek txapelketa denboraldiari hasiera eman zioten Tolosan. Igeriketa taldeko hamabi kide izan ziren Usabalgo igerilekuan Neguko Ligako lehen jardunaldia lehiatzen. Denboraldiko lehen proba izanik, teknikari eta taktikari arreta berezia jarri zioten. Ederki jardun ziren gazteak eta horren erakusle, lortutako 16 marka pertsonalak dira:

  • Nora Miguelez: 50 m. bular proba, 50,88; 200 m. lau estiloetan, 3.23,13 eta proba horretako 50 m. tximeleta pasean, 46,43.
  • Amaiur Iparragirre: 50 m. bular proba, 52,15 eta 200 m. lau estiloetan, 3.24,99.
  • Ane Meyer: 50 m. bular proba, 56,46.
  • Mayi Gorostegui: 200 m. bizkar proba, 3.06,19; 200 m. tximeletan, 3.37,75 eta azken proba horretan 50 eta 100 m. paseetan, 44,84 eta 1.41,34, hurrenez hurren.
  • Irati Etxeberria: 200 m. bizkar proba, 3.20,40.
  • Garazi Etxeberria: 1.500 m. libre proba, 19.58,14.
  • Iker Gorostegui: 50 m. bizkar proba, 34,28; 1.500 m. libre proba, 18.40,56 eta horretan 400 eta 800 m. paseetan, 4.58,11 eta 10.00,77 hurrenez hurren.

Taldeko prestatzaileek gainera Nahia Zudairen parte hartzea nabarmendu dute. Zudairek 50 m. bularreko saioan eta estilo libreko 100 metrokoan igeri egiteaz gain, June Lopezekin, Saioa Elolarekin eta Garazi Etxeberriarekin batera 4x200 m. libre erreleboan izan zen; lehen posta egin zuen. "Donostian entrenatzen duenez, ez dugu aukera handirik izaten berarekin egoteko baina momentu ederra izan zen denak elkartzeko. Besteak bezala, bera ere martxa hartzen ari dela ikusi genuen", adierazi dute.

Lehen proba horretan Buruntzaldea IKTko entrenatzaileek orain arteko prestakuntza nola joan den ikusteko baliagarri izan zuten: "Denboraldiko lehen jardunaldia izan zen, bost asteko entrenamenduarekin. Hau horrela, helduenentzat ez da erraza aurreko denboraldiko erritmoetan igeri egitea eta batzuen kasuan, horixe ikusi genuen. Hala ere, asteak aurrera joan ahala norbere gaitasunak hobetzen joango direla uste dugu eta hala, denek kondizio hobeetan lehiatzea lortuko dute".

Hemendik bi astera aukera berria izango dute guztiek euren onena emateko. Senide eta lagunen aurrean izango da gainera; ligako bigarren jardunaldia Maialen Chourraut kiroldegian lehiatuko da, azaroaren 5ean.

Bien bitartean, taldeko alebinak ere lehiatzen hasiko dira. Euren ligako lehen saioa izango dute Hernaniko kiroldegian hilaren 29an.