Matxura baten ondorioz, bertan behera utzi ditu udalak kultur etxeko auditorioko emanaldiak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 21a

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du bertan behera utzi behar izan dituela kultur etxeko auditorioan programatuta zeuden emanaldiak, agertokian matxura bat gertatu delako. Kaltea konpondu arte ez dute ekimenik aurrera eramango bertan.

FARAE Euskal Herriko Andaluziar Etxeen Elkarteak kontzertu bat prestatu zuen Semblante Andaluz elkartearekin batera biharko, baina atzeratu egin behar izan dute eszenarioan gertatutakoagatik. Datorren asterako matxura konpontzerik lortuko ez balute, bertan behera geratuko lirateke ere Okendo Zinema Taldearen zineforuma (hilaren 27an, 22:00etan) eta hilaren 30eko bi proiekzioak, haurrentzat zein helduentzat, 17:30ean.