Olatuen gainean lehiatzen da Hodei Murgiondo herritarra. Maiatzetik urrira, Euskadiko eta Bizkaiko surf zirkuituan 12 eta 14 urtez azpiko txapelketa ezberdinetan parte hartu du gazteak eta lehen postuetan izan da.
Zarauzko Moor Eskolan Iulen Elkoro prestatzailearekin lanean ari da herritarra eta fruitu ugari eman ditu aurtengo denboraldiak.Murgiondo apirilean hasi zen lehian eta ederki jardun da Euskadiko zein Bizkaiko zirkuituetan.
Euskal Surf Txapela Txiki proba izan zuen lasarteoriatarrak urteko lehena. Bertan 12 urtez azpiko lehen postua eskuratu eta Euskadiko txapela jantzi zuen herritarrak.
Euskadiko Surf Gazte Zirkuituan, berriz, 14 urtez azpiko mailan aritu da Murgiondo.
Bi probari egin behar izan die aurre surflari gazteak. Ekainean La Arena hondartzan, Zierbenan finalerdietara iritsi zen . Hilaren 1ean eta 2an, berriz, Karraspio hondartzan, Lekeition finalean izan zen eta laugarren amaitu zuen proba.
Lehiaketen puntuazioa batuta – La Arena, 555 puntu eta Karraspio, 670 puntu – sailkapen orokorrean hirugarren (1225 puntu) izan da Moor eskolako kidea.

Lehen postua, Mundakan
Bizkaiko Ikastxiki zirkuituan, berriz, bere mailan (12 urtez azpiko maila) bigarren amaitu du Murgiondok.
Maiatzean La Arenan eta Arrietara hondartzan, Sopelan jokatu ziren saioak eta bietan lehen postuetan izan zen lasarteoriatarra; Zierbenan laugarren sailkatu zen eta Sopelan, aldiz, garaipena erdietsi zuen.
Zirkuitu horretan eskuratutako postuari esker, hilaren 9an Mundakan lehiatu zuen amaierako proba herritar gazteak eta lehen postua eskuratu zuen.
Gipuzkoako txapelketan zein Espainiako txapelketan ere izan da Murgiondo. Donostiako Zurriola hondartzan uztailaren 2an eta 3an antolatu zen
Gipuzkoako lehiaketa. Herritarra 14 urtez azpiko mailako lehiari egin zion aurre eta hirugarren amaitu zuen.
Abuztuan, berriz, Galiziako Valdoviño herrira bidaiatu zen herriko surflaria Espainiako txapelketan parte hartzera. Kids mailan 12 urtez azpiko multzoan borrokatu zen Murgiondo eta final laurdenetan kaleratua izan zen.
Kantabriako proba batzuetako partaide ere izan da herritarra. Azkena hilaren 12an jokatu du, Loredoko I. Surf txapelketa. Finalerdietara iritsi da Murgiondo.