Aipatu proiektuak Alboan gobernuz kanpoko erakundearen Amazonia Gara kanpaina du oinarri eta abiapuntu. Hala, Iratiko basotik Amazoniara arteko bidaia egingo dute hiru pailazoek, zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar. "Amazonia da munduaren birika, eta Euskal Herrikoa, Irati. Bertan ere badago euskara, Pirinioetako mendialde horretan desagertu egin zen eta berreskuratzen ari dira orain".
Klima larrialdiaren aurka
Esan bezala, Ez gara jaitsiko-ren abiapuntua Alboan eragilearen Amazonia Gara egitasmoa izan da. GKE horretako kide Lide Narbarteren hitzetan, "beharrezko" ikusi zuten haur txikienengana hurbiltzea, "ikusteko Amazonia garela modu askotan". Horregatik, pailazoengana jotzea erabaki zuten. "Gure ikuspegia bizitza erdian jartzea da, gu amazonizatzea edo iratizatzea, guk ere badugulako hemen gure birika. Mezu hori modu oso ederrean ematea lortu dute Katxiporretakoek". Narbartek azaldu duenez, Alboanen kanpainak "klima larrialdiaren aurka eta Amazoniako herriaren alde" mugiarazi nahi ditu euskal herritarrak. Horren barruan, hango eta hemengo emakumeen arteko elkarrizketak bultatzen ari dira.
Elkarrizketa bat baino gehiago izan dute baita ere Irrimarrako kide Irene Irureta eta Karmele Gorroñok, pailazoekin, lanaren kontestua azaltzeko. Hala, Amazoniako animalia, zuhaitz eta landareen bila hasi ziren. Azpimarratu nahi izan dute mundu osoa konektatuta dagoela zuhaitz eta ibaien bidez. Ipuina idatzi duen Leire Bilbaok, berriz, adierazi du elkarlanean aritzean "gusturago" jarduten dela, nahiz eta onartu "zaila" dela "hitz gutxirekin ahalik eta gehien transmititzea". 4.000 karakteretara egokitu behar izan du kontakizuna. Horri guztiari Xabier Zabala musikariak jarri dio doinua. Amazoniako musikan oinarritu da, gitarra, perkusioa eta flautak erabilita. "Umeen musikaz aritzen gara garrantziarik ez balu bezala eta ez da hala, oso inportantea da".
Ez gara jaitsiko lana 2023-2024 ikasturtean bilakatuko dute ikuskizun pailazoek.