Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunarekin bat egin dute, beste urtebetez, herriko merkatariek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 19a

Kolore arrosako zapiak soinean, anbulatorio aurrean batu dira Aterpea merkatarien elkarteko kideak. Ramon Ormazabalek hitz egin du elkarteko bazkide guztien izenean, eta eskerrak emanez hasi du hitzartzea. Gipuzkoa minbiziaren aurka elkarteko kudeatzaile Katty Nevadori zuzendu zaio lehenik. Eskerrak eman dizkio, minbiziaren aurka egiten duten lana erakutsi eta gizarteratzeko Aterpearekin kontatu izangatik. Bestalde, gizarteari eta erakundeei zuzendu zaie: "Eskerrik asko minbiziaren ikerketa babesteagatik, eta jarrai dezazuela horretan". 

Aurtengo kanpainaren leloari, Arrosa kolore bat baino gehiago da egin dio erreferentzia gero. Nabarmen du ikerketa, biziraupena, gaixoek behar duten babes eta laguntza dela. 

Gipuzkoa minbiziaren aurka elkarteko kudeatzaile Kattyk hitz egin du ostean, eta honek ere eskertza egiteko baliatu du aukera; "Mila esker Aterpea, hemen egoteko aukera emateagatik". 

Ormazabalek bezala, leloari egin dio erreferentzia, eta azpimarratu du, bularreko minbiziaren prebentzioan, arretan eta tratamenduetan aurrerapausoak eman diren arren, oraindik "egiteko asko" dagoela. Bera kudeatzaile den elkarteak lan horietan jarraituko duela berretsi du. 

Talde argazkia aterata amaitu dute agerraldia.