Buruntzaldeko eta Pirinioetako ibilbideetan barrena ibili dira herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 19a

Herritar ugari igaro zen Elizatze plazako kontrol gunetik. Arg.: Isaac Farré Rico.

Eguraldi paregabea eta beroa lagun, herritar ugarik Buruntzaldeko ibilbide ezberdinez gozatzeko hautua egin zuten hilaren 16an. Lasarte-Oriako Elizatze plazako kontrol puntutik atera eta Andoain, Usurbil edo Urnieta izan zuten helmuga. LOTMEko kideek, berriz, Anie mendia igo zuten

Ostadar Ipar Martxako taldeak Arrasateko Retinosis Gipuzkoa Begisare elkarteko bi kiderekin batera , esate baterako, Aginagara egin zuten irteera. Lasarte-Oriara itzulera, berriz, Arratzain sagardotegitik gora egin zuten. Guztira 17 kilometroko ibilbidea izan zen.

Ostadar Ipar Martxa taldeko kideak Lasarte-Oriatik atera baino lehen. Arg.: Isaac Farré Rico

Aniera igoera

Horrez gain, egun horretan bertan, Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko hamabost bat kide eta lagun Anie mendira egin zuten irteera.

Pierre de Saint Martinetik 2.507 metroko piramide harritsua igo zuten eta jaisterakoan Pic d’Arlas (2.044 m) ere igaro zuten. 

Haizea egin arren, egun politaz eta ikuspegi ederraz gozatu zutela adierazi dute.

LOTMEko kideak, Anie tontorrean eta bidean zehar. Arg.: LOTME.