Jardunaldi bikoitza gogorra izan da Ostadar Saskibaloiko junior partaidetza taldearentzat

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 20a

Ostadar Saskibaloiko junior partaidetza taldeak ez du 2022-2023 denboraldia ongi hasi. Hitzordu bikoitza jokatu behar izan dute Aitor Lasek zuzendutako jokalariek hilaren 15ean. Ligako bigarren jardunaldiko partidaz gain, atzeratutako neurketari ere aurre egin behar izan zioten urdin-beltzek. Partida gogorrak izan ziren Ostadarreko jokalarientzat eta bietan aurkaria gailendu zen

Zast 2005 ZKEren aurka neurtu zituzten indarrak urdin-beltzek goizean Maialen Chourraut kiroldegian. 

Zarautzeko taldea garaipenaren bila atera zen hasieratik. Erasoan eta defentsan akatsik ez zuen izan eta kostata jokatu zuen Ostadarrek. Bigarren laurdenean gainera aurkariak aldea handitu zuen; 2-20 izan zen partziala. Etxeko taldeak ahaleginak egin arren, ez zuen ezer egiterik izan eta Zastek 25-67 irabazi zuen.

Junior Partaidetza mailako jokalariek ez zuten emaitza gainditzeko denborarik izan, ezta indarberritzeko astirik ere. Ordu batzuk geroago, Azpeitian Inar Optika ISB izan zuten aurrez aurre.

Azpeitiarrak nagusi izan ziren; Ostadarrek, berriz, ez zuen jokatzen jakin eta aurkariak 99-12 irabazi zuen.

Hilaren 22-23ko asteburuan atsedena izango du Aitor Lasek zuzentzen duen taldeak. Beraz,  arlo ezberdinak lantzeko tartea izango dute juniorrek.