Intza Kirol Elkarteko txikiek emaitza ezberdinekin eman diote hasiera Errendimendu txapelketari

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 18a

Eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako txapelketaren lehen jardunaldia jokatu dute Intza Kirol Elkarteko kideek. Alebin mailako lau pilotari izan dira lehian 1. eta 2. mailan. Michelin kirol gunean bildu ziren ikusleek etxekoen garaipenik ospatu ez arren, jaialdiko bigarren partidan borroka ederra ikusi zuten. Hernanin, berriz, Oier Jauregik Mendiable hernaniarra 2-0 garaitu zuen 

Intza KEko pilotari gazteak lehiatzen hasi dira. Eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako txapelketaren lau neurketa jokatu zituzten hilaren 15ean. Orokorrean ondo jardun arren, ez zuten zorte onik izan; alebin 1. mailako Oier Jauregik bakarrik lortu zuen garaipena Hernanin. Michelin kirol guneko pilotalekuan Itxaso Iparragirreren neurketa ere interesgarria izan zen; azken tartora arte ez zen irabazlea erabaki.
 
Lasarte-Oriako pilotalekuan 2. mailako partidak izan ziren. Bigarren buruz buruko norgehiagokan Intzako kide Iparragirrek Alde Zaharrako Salaberriarekin neurtu zituen indarrak. Partida zirraragarria izan zen. Ederki baliatu zuten bi pilotariek euren sakea eta horri esker, bakoitzak puntu bana irabazi zuen. Lehen puntua Salaberriak eskuratu zuen, 3-8. Nahiz eta markagailua aurka izan, ongi eman zion itzulia Iparragirrek eta puntu bakarra egiten utzi zion aurkariari; 8-1 amaitu zuten bigarren puntua.
 
Berdinketa hautsi behar zen eta garaipena jokoan, lau tantora iristen zen lehenak eramango zuen saria. Borroka latza izan zen eta hirunako berdinketa egon zen. Azken tantoa erabakigarria izango zen. Tamalez aurkariaren aldeko izan zen eta Iparragirreri ihes egin zion garaipenak. 
 
Jose Felix Solano Intzako arduradunak adirazi duenez, "pena bat da. Ederki jokatu da eta azken tantoan partidak ihes egin dio. Aurkariak baino tanto gehiago egin ditu (14-13) gainera. Baina joko sistema horrela dago finkatua".
 
Lehenean, berriz, Lasarte-Oriako elkarteko Ekhi Maiz Intxurreko Garmendiaren aurka lehiatu zen. Nahiz eta Maizek lan ona egin, Alegiko pilotaria ederki moldatu zen herritarraren erasoak zapuzteko eta 0-2 (3-8 eta 2-8) irabazi zuen.
 
Intzako 1. mailako alebinek, aldiz, Hernanin izan zituzten neurketak. Oier Jauregi ederki borrokatu zen Mendiableren aurka eta 0-2ko (6-8 eta 3-8) markagailuarekin garaipena erdietsi zuen. Eñaut Huizik ez zuen zorte bera izan. Zabala hernaniarra sendo jardun zen eta Intzako kideak tanto politak egin arren, ahalegina ez zen nahikoa izan; Hernaniko pilotaria 8-3 eta 8-5 gailendu zen.
 
Jubenilek, neurketarik ez
 
Bestalde, Jubenil Mailako bikoteek ez dute Ezker Hormako neurketarik jokatu. 2. Mailako pilotariek Hernaniren aurka neurtu behar zituzten indarrak. Jokalari hernaniar baten eskuetako mina dela eta, ez zen norgehiagokarik izan eta partida irabazitzat eman zaio Lasarte-Oriako bikoteari. 1. Mailan, berriz, Intza KEk Tolosa zuen aurkari. Alabaina, Tolosako bikoteak txapelketa utzi du. Beraz, Haritza Diaz de Gereñuk eta Peru Urdanpilletak osatutako bikoteak atseden izan zuen.