Texas Lasartearrako jubenilek denboraldiko bigarren garaipena erdietsi dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 19a

Liga porrot batekin hasi bazuen ere, Texas Lasartearra elkarteko jubenil taldeak jokatu dituen gainerako bi jardunaldietan garaipena erdietsi du. Hilaren 15ean, Ikasberri Aren aurka neurtu zituen indarrak talde zuri-urdinak Michelin kirol guneko zelaian eta 3-2 irabazi zuen

Iker Morenoren jokalariak indartsu hasi ziren jokoan. Erasoan aukera sortzen zituzten eta defentsan ere ederki moldatzen ziren. Ondorioz, 10. minutuan aurre hartu zuten.

Golaren ostean, Texaseko jubenilak jokoa lasaitu zuten eta aurkaria etxeko taldearen ate aurrera iritsi zen behin baino gehiagotan arriskua sortuz. 

Horietako batean, alboko sake bati esker, azpeitiarrek baloia arean sartu zuten;  etxeko taldeko zentralak baloia lapurtu nahian, penaltia egin zuen eta berdinketako gola igo zen markagailura.

Horrek zuri-urdinak esnatzea ekarri zuen eta erasoz eraso, aurkaria bere zelaian sartzera behartu zuten. Texaseko jokalariak bigarren golaren bila ari zirela, azken paseak ez zuen bere helburura iristerik izan; lehen zatia amaitutzat eman zuen epaileak.

Atsedenaldian, taldearen eraso jokoa hobetu nahian, etxeko taldeko prestatzaile Morenok bi aldaketa egin zituen eta ederki hasi zuten zuri-urdinek bigarren zatia; alabaina, baloia atean sartu ezinik egon ziren denbora tarte luzean. Ikasberrik, berriz, kontraeraso batean falta bidez 1 eta 2koa egin zuen.

Guztia aurka zuela eta neurketari itzulia eman nahian, Texaseko entrenatzaileak geratzen zitzaizkion aldaketak egin zituen.

Horri esker, hamar minututan egoera guztiz bestelakoa zen. Hegaleko bi jokaldi baliatuz, etxeko jokalariek bi gol egitea lortu zuten. 

Eta lehen zatian gertatu modura, erasoan amaitu zuten Texas Lasartearrako jubenilek norgehiagoka.