Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak-ek ezin izan zuen AVK Bera Beraren defentsa hautsi

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 18a

Errugbiaz gozatzeko aukera izango da denboraldi honetan ere Michelin Kkirol gunean. Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RTren eskutik, Euskal Ligako Ohorezko B Mailako neurketak izango dira Lasarte-Orian jokatuko direnak. Lehena hilaren 16an izan zen eta zaletuek partida  ederra ikusi zuten AVK Bera Beraren aurka

Epaileak hasiera adierazi orduko, Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RT erasoan jokatu zen. Era honetara, donostiarrek atzera egin eta 22 metroko lerroan defendatu behar izan zuten.

Tamalez horma sendoa aurkitu zuten beltzek. Nahiz eta erasoan jokaldi ederrak egin eta baloia ongi mugitu, AVK Bera Berak aukera guztiak zapuztu zituen.

Eta etxeko jokalarien hutsak ederki baliatu zituen bitan Donostiako taldeak entsegua eta gauzatzearen bidez markagailuan aurre hartzeko. Beltzek ez zuten taktika aldatu, orde; erasoan jokatzen jarraitu zuten. Atsedenaldian 0-14koa zen markagailua, ordea.

Bigarren zatian, joko dinamika berdin mantendu zen. Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RTk entsegu lerrora iristeko ahaleginak egin zituen eta 66. minutuan lortu zuen saria. Aimar Arteagak baloiak entsegu marra igarotzea lortu zuen; Ritxard Yurramendik, berriz, jaurtiketa gauzatu eta aldea murriztu zuten beltzek, 7-14. 

Etxeko jokalariak indarberritu zituen egoerak eta amore emateko prest ez zeudela erakutsi zuten. Yurramendik jokoa zuzendu eta jokaldi ederrak egin zituzten. Zoritxarrez AVK Bera Beraren defentsa irmoaren aurka talka egiten zuten behin eta berriro beltzek eta ez zuten markagailuan punturik gehitzerik izan. Garaipeneko puntuan, beraz, Donostiara joan ziren.

Super Kopako epaile 

Bestalde, Jon Ibisate herritarra Batumin, Georgian epaile laguntzaile lanetan izan da hilaren 15ean. Europako Super Kopako RC Batumi-Romanian Wolves neurketan marrazain izan zen lasarteoriatarra Pablo Pascualekin batera. Epaile nagusia Iñigo Atorrasagasti izan zen.