"Agian arraroa egingo zaizu esaten badizugu erraustegiaren proiektua inoiz baino ahulago dagoela eta inoiz baino baldintza hobeak daudela geratzeko, baina hala da". Horrela dio GuraSOSek zabaldu duen ohar batek. Zubietan dagoen azpiegitura horretan gertatu direnak tarteko (transformadore nagusia hondatzea, lurretan atzemandako kutsadura "oso larria", irekita dauden ikerketa kriminalak...), eragileak erabaki du "sozializazioa, sentsibilizazioa eta mobilizazio soziala berpiztea". Horretarako, bi ekintza aurrera eramango ditu Usurbilen datozen egunetan: bideo manifestu baten grabaketa eta bi adituren hitzaldia. Bi ekimenetara joateko deia luzatu die lasarteoriatarrei.
Lehena igande honetan izango da, hilak 16, Aranerrekako parke berrian, 17:00etan. Familian joateko eta naturan jolasteko tresnak (kometak, sokak, eta abar) eramateko eskatu dute. Ikus-entzunezko bat grabatu eta kanpaina berria abiatuko du GuraSOSek. Bigarrena datorren asteko ostegunean izango da, hilaren 20an, Sutegi aretoan, 19:00etan. Solasaldia emango dute Fernando Palacios zientzialariak eta Joseba Belaustegi abokatuak. "Lehenak erraustegia sortzen ari den kutsadura larriaren berri emango du, eta bigarrenak, gertaera horien ikerketa judizialaren nahiz polizialaren azken berriak kontatuko ditu", azaldu du GuraSOSek. Hitzaldi hori amaitzen denean, eragilearen estrategia berria zein den "labur" azalduko dute zenbait kidek.