UDALBATZARRA

Erribera kaleko etxabeak berritzeko proiektua eta kontratazio espedientea onartu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 14a, 16:30

Urriko ohiko bilkura egin du udal korporazioak, eta, besteak beste, Erribera kaleko etxabeak berritzeko obren proiektua eta kontratazio espedientea onetsi ditu, alderdi ia guztien babesarekin. Udalak 4.119.041,71 euro inbertituko ditu; ez du zehaztu lanak noiz hasiko diren.

Erribera kalean bizi diren bizilagunek urteak daramatzate honakoa eskatzen: egunero-egunero etxetik irten eta etxera sartzean zeharkatzen dituzten etxabeak eraitsi eta auzoa berrurbanizatzea. Hori zein egunetan errealitate bilakatuko den ez dakite oraindik, baina bai gero eta gutxiago falta dela, udal korporazioak obra horien proiektua eta kontratazio espedientea onartu dituelako urriko ohiko bilkuran. Adostu dute Eduardo Lopez arkitektoak idatzitako egitasmoa onartzea; kontratazio espedientea onetsi eta adjudikazio prozesua irekitzea; 4.119.041,71 euro inbertitzea; lizitazioa iragartzea; eta kontratazio mahaia osatzea.

Korporazioko alderdi guztiek bozkatu dute alde EAJ-PNV izan ezik; jeltzaleak abstenitu egin dira. Udalbatzarrera eramandako proposamenari baiezkoa eman izanagatik, Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiko bozeramale David Aresek kritika batzuk egin ditu: "Udal gobernuaren interes faltagatik edo kudeatzeko ezintasunagatik behar baino gehiago atzeratu da onarpena, eta horrek lanen kostua garestitu du. Halaber, uste dugu Erriberako bizilagun bakoitzak diru gehiegi jarri beharko duela bere poltsikotik". Edonola ere, nabarmendu du "auzotarrentzat eta herri guztiarentzat" onuragarria izango dela Erriberan egingo den esku hartzea: "Irisgarritasuna eta argitasuna hobetzeaz gain, Lasarte-Oriako bidegorri sarea zabaltzen lagunduko du". 

Galdera eta erreguak

Aresek hartu du hitza berriz ere, galdera eta erreguen txanda irekitzeko. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) egindako txosten bat izan du hizpide, non, zehaztu duenez, Lasarte-Oriako Udalaren jarduna eta kudeatzeko moduari buruzko hainbat ohar negatibo egiten dituen. "Dokumentuaren bigarren atalean, zehazten du udalak ez duela legea betetzen: 2019an, adibidez, 1,6 milioi euroko gastuak egin zituen zenbait zerbitzu kontratatzerakoan, nahiz eta kontratuen indarraldia agortuta egon ordurako". Informe horren gaineko azalpenak eskatu ditu ELOPek, eta batzorde bat deitzea udal gobernuak azalpenak eman ditzan. Agustin Valdivia alkateak erantzun dio duela hemezortzi hilabete argitaratu zuela dosier hori HKEEk, eta bere garaian landu zutela gaia. "Batzordera eraman genuen, eta orduan ez zenuten galdera bakar bat ere egin".

EAJ-PNVk herritarren hizkuntza eskubideak izan ditu hizpide. "Kexa ugari jaso ditugu, Kultura sailak hizkuntza gaitasunari buruzko galdera kendu duelako ikastaroen izen emate orrietatik", azaldu du zinegotzi Boris Nogalesek. "Hamar urteko lanketa egin dugu Euskararen Bidegorriaren bidez: jakin nahi dugu nork, non eta noiz hartu duen galdera hori kentzeko erabakia". Valdiviaren hitzetan, udal gobernuko inor ez da izan. Kultura zinegotzi Maite Iglesiasek hartu du hitza gero. "Aztertuko dugu zer gertatu den, eta akatsa konponduko, berriz gerta ez dadin".

Azkenik, EH Bilduk hiru kontu jarri ditu mahai gainean: merkataritza bonuen aurtengo kanpaina, ordenantza fiskalak eta udal aurrekontuak. Lehenari buruzko "galdera argi" bat egin du: ea gaiaren egoera zein den, eta ea Sozioekonomia batzordeak ziurta dezakeen egitasmoa aurrera eramango dela urtea bukatu aurretik. Departamentu horretako buru Nuria Fernandezek baietz esan du, eta ez dutela lehenago egin idazkariaren zein kontu hartzailearen txostenen zain zeudelako. 

Ordenantza fiskalen onarpen epearen gainean ere errezeloa azaldu du alderdiak. Esti Garmendia: "Larri gabiltzala uste dugu: ez dakigu udal gobernuaren datak zeintzuk diren, zer landu duen eta zer ez; nola lan egingo duen azaltzea eskatzen diogu". Gehitu du gauza bera uste dutela aurrekontuei buruz: "Urri erdialdean gaude eta ez dakigu aurtengo kontuetan jasotakotik zenbat beteko ditugun: kontu hartzaileak txosten bat bidali digu, non jasotzen den 2016tik 2020ra gero eta baxuagoa izan den betetze portzentajea". Bi eskakizun horien aurrean, alkateak adierazi du ordenantza fiskalak azaro hasieran eraman nahi dituztela udalbatzarrera, eta aurrekontuak 2023a hasi aurretik onetsi nahi dituztela. "Tramiteak hasteko agindua eman dut".