Ostadar SKTk Lasarte-Oria Bai! 25. Kros Herrikoiaren aurkezpena egin du. Bi urteko atzerapenarekin bada ere, hilaren 30ean, patinatzaile, korrikalari eta Ipar Martxako partideak berriro izango dira gure herriko kaleetan barrena lehiatzen. Korrika Festa ere izango da.
Urte berezia da gainera, probaren 25. urteurrena ospatuko dute eta horregatik, 1 dortsala sortzaileek eramango dute: Imanol Bardaji, Gabi Valin, Joxean Alberdi eta Roberto Rebe.
“Krosa sortu zuten pertsonak omentzeko urte aproposa dela uste dugu. Orain dela 25 urtetik gora Imanol Bardaji, Gabi Valin, Joxean Alberdi eta Roberto Rebe elkartu ziren ideia batekin, Lasarte-Orian kros herrikoi bat antolatzea. Izan zirelako gara egun 25 edizio bete dituen krosa, eta nolabait, bere momentuan izan zuten ausardia txalotu nahi dugu”, azaldu zuten aurkezpenean.
Eta herriari bizia emateko hainbat ekitaldi berezi ere izango dira egunean zehar. Lasarte-Oriako txistulariek diana joko dute 09:00etatik 10:15era herria esnatuz. Eguerdian, Oaintxe in deu! txarangako kideek herriko kaleak alaituko dituzte. Arratsaldean 18:00etatik 19:30era triki-poteoa izango da.
“Krosa kirol proba bat baino gehiago da, herrian sustraitua dagoen ekitaldia da, herriko eragileekin herriarentzat antolatzen duguna. Urtero giro berezia sortzen da eta aurten giro hori sortzen laguntzea da asmoa”.
Azkenik, aurrerago iragarriko duten ezusteko bat ere izango dela jakitera eman dute.
Aldaketak
Probaren antolatzaileek azaldu dutenez, Geltoki kalean egin diren lanak direla eta, moldaketa batzuk egin behar izan dituzte ibilbidean.
Ohiko irteera puntua Frutas Ruiz parean egoten zen, baina lanak medio, metro batzuk aurreratu behar izan da hasiera arkua eta Ostadar SKTren egoitza ondoan hasiko da lasterketa.
Aldaketa horrekin galtzen diren metroak, berriz, Txartel pareko industri-gunera sartuta berreskuratuko dira.
Herriko elkarteko egoitzaren aurrean bilduko dira, beraz, hilaren 30ean, kros herrikoiko partaideak. Txistulariek eta dantzariek agurra egin eta 10:28an patinatzaileak aterako dira; jarraian korrikalariak eta azkenik, ipar martxako lehiakideak.
Ostadar SKTren webgunean inskripzioa egin ez duten pertsonek hilaren 19tik 28ra Manuel Lekuona Kultur Etxean izena emateko aukera izango dute. Astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara izango da irekia. Azken momentuan parte hartzea erabakitzen dutenek lasterketa bezperan, Michelin kirol gunean 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era edo lasterketa egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara egin ahalko dute.
Aurretik eginez gero, 8 eurokoa da prezioa Ostadarreko bazkideentzat eta 12koa gainerako guztientzat; lasterketa egunean, berriz, guztiek 20 euro ordainduko dute.
Partaideek lasterketa bezperan edo lasterketa egunean kamiseta teknikoa jasoko dute Michelin kirol gunean eta Lasarte-Oriako taberna, jatetxe, okindegi eta bestelako komertzioek eskainitako oparien zozketetan parte hartzeko aukera ere izango dute.
Korrika Festa
12:15ak aldera, berriz, herriko gazte eta haurren txanda izango da. Mila bat parte hartzaile aurreikusten ditu Ostadar SKTk.
1.200 eta 100 metro arteko lasterketan egingo dituzte adinaren arabera eta horretarako sei maila ezberdinetan bereiziko dira: kadeteak (2007-2008 urteak), infantilak (2009-2010 urteak), 2017an jaiotakoak, 2015-2016an jaiotakoak, 2013-2014an jaiotakoak eta 2011-2012an jaiotakoak.
Korrika Festan parte hartu nahi duten haur eta gaztetxoek hilaren 19ra arte itxaron behar dute izena emateko. Manuel Lekuona Kultur etxean banatuko dira dortsalak eta 5 euroko prezioa izango du izena emateak. Trukean kamiseta tekniko bat eta lasterketa amaitzean, bestelako opariak izango dituzte.