Ostadarreko 1. Seniorrak garaipena erdietsi du denboraldiko lehen neurketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 11

Ostadar Saskibaloi ataleko 1. seniorrak lehen jardunaldia jokatu zuen hilaren 8an, larunbatarekin. Goizper Group BKE izan zuen aurkari eta 46-30 irabazi zuen. Garaipen garrantzitsua da guztiz eraldatu den taldearentzat

Ostadar Saskibaloia saileko lehen taldeko kide zein entrenatzaileak denboraldiari hasiera emateko gogoz zeuden. Denboraldiaurrean taldea guztiz moldatu da. Belaunaldi aldaketa izan da jokalarien artean; 2. mailako zein junior errendimendu taldeetako kideek aurrera pauso bat eman dute eta 1. mailara igo dira. Gainera, 2. mailako entrenatzaileek Gaizka Urreiztik eta Beñat Eleizegik hartu dute taldea zuzentzeko ardura.

Urriaren 8an, maila berriko lehen partida jokatu zuten Bergarako Goizper taldearen aurka. Entrenatzaileek aurkaria ezagutzen zuten, iaz 2. mailan jokatutako jokalariez osatutako taldea aurkeztu baitzuten bergararrek. Ondorioz, partida gogorra izango zela aurreikusten zuten.

Defentsan sendo aurkeztu ziren bi taldeak. Talde urdin-beltzeko jokalariek aurkariaren horma haustea lortu zuten, ordea. Markagailuan 10-4 aurreratu ziren. Bergararrek ez zuten amore emango eta aldea txikitzen saiatu ziren, 12-8.

Indartsu jarraitu zuten Goizper taldeko kideek eta bigarren laurdeneko lehen minutuetan aldea murriztu zuten. Orduan, Ostadarrek hutsartea eskatu eta jokalariek euren onena eman zuten 7-0ko partziala egin eta atsedenaldira 25-15 iristeko.

Norgehiagokaren bigarren zatian, bi taldeen indarrak orekatu ziren eta etxeko taldeak aldea mantentzea lortu zuen. Gauzak horrela, Ostadarrek gainerako bi laudenak ere irabazi zituen (11-9 eta 10-6) eta garaipeneko puntuak eskuratu zituen, 46-30.

Ostadarreko Gaizka Urreizti entrenatzaileak azaldu duenez, "partida polita eta entretenigarria izan da. Bi taldeen defentsa lana ederra izan da. Ondorioz, tanto gutxiko markagailuarekin amaitu dugu neurketa".

Erronka berriari aurre egingo diote aurten 1. mailan eta jokalariak gogotsu daudela onartu du prestatzaile urdin-beltzak: "Maila berrian jokatzeak zirrara sortzen die. Entrenamenduetan jarrera ona dute eta neurketetan ere ahal duten guztia erakusteko prest daude".

Hurrengo hitzordua hilaren 15ean, larunbatarekin jokatuko dute 20:00etan Benta Berri kiroldegian. Okela-Maialen Añorga KEren aurka neurtuko dituzte indarrak. Lehen jardunaldian 33-87 irabazi zuen Donostiako taldeak eta beraz, erronka ederra izango dute Ostadarreko jokalariek.