Erakusleihoz erakusleiho, urrezko ferren bila

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 11a, 11:59

Hilaren 17tik abenduaren 6ra, Ferraren bila kanpaina abiatuko du Aterpea merkatarien elkarteak. Lasarte-Oriako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin prestatu du egitasmoa eta gaur eguerdian ezagutarazi dute, Bea ileapaindegian. Urrezko ferrak aurkitu beharko dituzte kanpainarekin bat egingo duten herritarrek; argazkia atera eta sare sozialetan partekatu sarien zozketan parte hartzeko

Egitasmoak hiru asteko iraupena izango duenez, hiru multzotan banatu dituzte establezimendu parte hartzaileak. Hilaren 17tik 23ra zenbait komertziok jarriko dute urrezko ferra erakusleihoan ikusgai. Denbora tarte hori pasata, ezkutatu egingo dute, eta bigarren multzokoenak jarriko dira bistan (hilaren 24tik 30era). Azkenik, hirugarren taldekoek hilaren 31tik abenduaren 6ra egingo dute hori bera. Data horiek kontuan hartzea garrantzitsua da. Sarien zozketan parte hartu ahal izateko, establezimendu bakoitzaren argazkiak, bakoitzari dagokion astean igo beharko dituzte parte hartzaileek sare sozialetara.

Horrela, urrezko ferra horien bila aritu beharko dira bezeroak. Horiek topatzen dituztenek, argazkia atera, eta sare sozialetan (Instagram eta Facebook) partekatu beharko dituzte. Gainera, merkatarien sare sozial kontuaren jarraitzaile izatea ezinbestekoa da. Horrekin batera, profil hori bera eta bi lagun izendatu beharko dituzte argazkian. Aterpeako ordezkariek ohartarazi dute parte hartzailearen profilak irekia izan behar duela eta ez pribatua, zozketa egiten duten egunera arte gutxienez. Aterpeak 2.000 euro banatuko ditu erosketa txarteletan.

Herritarrek kanpainan parte hartu dezaten nahi du Aterpea merkatarien elkarteak. Udalak ere dei egin die herritarrei, herriko komertzioa babestu eta egitasmoarekin bat egin dezaten.