EDUKI BABESTUA

Ideia batetik norbere enpresa sortzeko laguntza

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 7a, 11:31

Gazteen ekintzailetzarako grina balioan jarri eta jauzi egiteko laguntza eskaintzen du Laboral Kutxaren Gaztenpresa Digitalak. Laguntza "pertsonalizatu eta malgua" eskaintzen dutela diote, bakoitzaren negozio-plana garatu eta martxan jartzeko.

Laboral Kutxak uste du pertsona batek ekiten duenean, gizarte osoak ateratzen duela etekina hortik; hala, gazte ekintzaileei laguntzeko programa abiatu du berriz: "Ideia batetik sortzen diren historiak dira, elkarri lotuak, eta gutxi-asko harrigarriak izan daitezke, baina, ernaltzen badira, guk uste baino eragin handiagoa izaten dute".

Adibide bezala jarri dituzte Jonbi eta Amayaren istorioak. Jonbik txakolina egiten du San Nikolas uhartearen magalean. Itsasoaren mareak baliatzen ditu bere produktua berezi egiteko; zapore gazia du ardoak. "Ziaboga izena jartzea erabaki nuen, txakolinaren kontzeptu tradizionalari 180 graduko bira eman nahi niolako, eta, azkenean, Kantauri itsasoak berak ematen dio izaera berezi hori", azaltzen du.

Amayak, berriz, Gasteizen abiatu du bere proiektua: bidaien boutique txiki bat. "Bidaiek arima dutela pentsatu izan dut beti, eta, sektorean 18 urte eman ondoren, prest sentitu nintzen bakarrik hegan egiteko eta zerbait desberdina eskaintzeko", dio.

Gogoaz gain, laguntza behar

Ideiaz gain, ideia hori negozio bihurtzeko laguntza behar izan zuten Jonbi eta Amayak, eta hori da, hain zuzen ere, Laborak Kutxako Gaztenpresa Digitalean aurkitu zutena. "Nik urteak eman nituen beste upategi batzuetan lanean, baina konturatu nintzen negozio bat antolatzeko, ikasi egin behar dela", azaldu du Jonbik.

Amayak ere ildo beretik jardun du. "Nire kasuan, funtsezkoa izan zen kudeaketarekin, finantzaketarekin, gai administratiboekin, altekin, izapideekin… lagunduko zidan norbait aurkitzea. Eta, gero, jarraipenaren kontua dago; niretzat, ordainezina izan da. Kontuan izan bi urte oso gogorrak izan direla sektorerako, eta ni hasi berria nintzen. Garai batean, telefono-deirik gehienak Gaztenpresako tutorearekin izan nituen", dio.