Partida gogorra espero zuten herriko jokalariek eta horrela izan zen. Hasieratik Eguzki ISU Leihoak-ek atzean sendo jokatu zuen. Aukera ugari ere sortu zituen kontraerasoetan. Baloiak ez zuen sarean sartu nahi, ordea.
Atsedenaldirako hamar minutu falta zirela, aurkariak etxeko taldearen atea urratzea lortu zuen. Nahiz eta Jon Arozenak zuzentzen dituen jokalariek berdinketa bilatu, ez zuten saririk izan.
Bigarren zatia ere berdintsua izan zen. Aukerak sortu zituzten etxeko jokalariek. Alabaina, ate aurrean ez zuten zortetik izan. Azpeitiarrek, berriz, ederki baliatu zituzten euren saiakerak eta beste bitan egin zuten gola.
Ondorioz, aldea murrizteko asmoarekin, Jon Arozenak atezain jokalaria atera zuen. Tamalez, markagailua ez zen aldatu.
Eguzki ISU Leihoakeko prestatzailea pozarren dago taldeak lehen neurketa horretan izandako jarrerarekin: "Beti dira zailak lehen partidak; beraz, oso harro gaude taldeak lehen partidan erakutsitako intentsitate eta gogoekin".
Jokalari berriak
Arozenak jokalari gazte eta berri ugari dituela nabarmendu du. Horren ondorioz, denboraldi hasieran helburu garrantzitsu bat lortzeko lan egingo duela adierazi du: "Taldeko gazte eta jokalari berriei erakutsi eta hobetzen laguntzea dugu lehen xedea".
Ligari dagokionez, 2021-2022 denboraldia hobetzea espero du Arozenak; azken postuetan izan zen Eguzki ISU Leihoak.
Gainerako taldeak
Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak ere porrota jasan zuen Andoainen. 1. mailako jokalariek Euskaldunaren aurka neurtu zituzten indarrak; 1-0 galdu zuten.
Gazte Mailako Eguzki Bodegas Ayesak, berriz, urriaren 8an emango dio hasiera denboraldiari Urretxuko Aldiri kiroldegian.