Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RT taldeko kideek Euskal Ligako Ohorezko B Mailako lehen jardunaldia jokatu zuten, hilaren lehenean, Zarauzko Asti zelaian. Iruñeako La Unica taldearen aurka izan zen norgehiagoka eta gutxigatik erdietsi zuen garaipena etxeko taldeak, 20-18. Herritar ugari izan ziren zelaian jokoan, baita taldea animatzen ere.
Norgehiagoka borrokatua izan zen eta azken minutuetan zirrara handiko egoera bizi izan zen.
Hasieratik Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RTk aurre hartu zuen eta aldea mantentzea lortu zuen.
Nafarrek aurre hartzeko ahalegin guztiak egin zituzten neurketa osoan zehar eta amaitzeko lau minutu falta zirela, lortu zuten saria. 17-18 jarri zuten markagailua.
Beltzek ez zuten amore emango, ordea. Aldeko zigor kolpe bat adierazi zuen epaileak eta Jokin Beloki herritarrak ez zuen hutsik egin. Irabazteko behar zituzten bi puntuak lortu zituen.
Maila horretako lehiaz gain, Emakumezkoen Ohorezko Mailako taldeak ere atera ziren berriro zelaira. Bi herritar aurrez aurre izango ziren gainera Gaztedi (Aizpea Racamonde) eta Hernaniren (Paola Vega) arteko partidan. Alabaina, ez zen neurketarik jokatu Hernani ez zelako hitzordura agertu.
Eskola
Bestalde, Beltzak Eskolako 10 eta 12 urtez azpiko gazteek Hondarribiko hondartzan topaketa izan zuten.
Euskadiko mailako eskola ezberdinetako taldeak izan ziren euren onena ematen. Batzuentzat lehen neurketak izan ziren; besteek, aurreko urteetako lagunekin topo egiteko aukera ezin hobea izan zen.
