Lehen sailkatuek Aterpea Merkatari elkarteko establezimenduetan erosketak egiteko txartelak jasoko dituzte; sailkapenaren arabera 60-40 eta 20ko erosketa bonuak izango dira eta urtea bukatu aurretik trukatu beharko dituzte. Guztira 1.200 euro banatuko ditu herriko dendetan kontsumitzeko.
"Lasterketaren filosofiarekin bat egiten duen erabakia da, herriarekin eta herriarentzat. Krosa antolatzen dugu, bai, baina izugarri asebetetzen gaitu urriko azken igandean herrian sortzen den giroak, bertako taberna eta jatetxeek egiten duten lanak, ... Gure hondar alea da, eta Aterpeako dendetan erosketak bideratzeko erabakia bide beretik doa", adierazi dute antolatzaileek.
Aterpeak ere begi onez hartu du erabakia eta esker oneko hitzak izan ditu antolatzaileentzat. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Ostadar SKTri kirolaren festa handi hau antolatzeko egin duen ahaleginagatik eta ardurarengatik, Lasarte-Oriara hainbeste jende erakartzeagatik eta udalerrian kontsumoa sustatzeagatik”, adierazi dute.