Bihar itzuliko dira Ondo Ibili paseo osasungarriak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 6a

Pandemiak eragindako etenaren ostean, udalak iragarri du bihartik aurrera izango dutela aukera herritarrek Ondo Ibili paseo osasungarrietan parte hartzeko. 11:00etan elkartuko dira, Okendo plazan. Ikasturtean zehar 34 ibilaldi egingo dituzte, azkena, datorren urteko ekainaren 16an.

Bihartik aurrera, kamiseta berde argiak soinean, makina bat lasarteoriatar ibiliko dira paseoan herrian barrena. Irudi hori oso ohiko bilakatu zen pandemiak eragindako etenera arte, eta hori amaituta, itzuli egingo da. Ondo Ibili egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute berriro lasarteoriatarrek. Ekimena adineko pertsonei zuzenduta dago, eta hauek dira helburuak: jende hori aktibo izaten jarraitzea, ariketa fisikoa egitea eta elkar harremantzea. 

Esan bezala, lehen osteratxoa bihar egingo dute, 11:00etatik aurrera. Okendo plazatik irtengo dira. Partaideek lau ibilbide izango dituzte aukeran: 2 kilometro ditu motzenak, eta 5 luzeenak. Udaleko kirol monitore bat eta zenbait bolondres izango dituzte lagun. Ikasturtean zehar 34 joan-etorri egingo dituzte, azkena, datorren urteko ekainaren 16an. Ostiraletan izango dira guztiak. Honatx egutegia:

2022/10/07 2023/02/17
2022/10/14 2023/02/24
2022/10/21 2023/03/03
2022/10/28 2023/03/10
2022/11/04 2023/03/17
2022/11/11 2023/03/24
2022/11/18 2023/03/31
2022/11/25 2023/04/14
2022/12/02 2023/04/21
2022/12/09 2023/04/28
2022/12/16 2023/05/05
2022/12/23 2023/05/12
2023/01/13 2023/05/19
2023/01/20 2023/05/26
2023/01/27 2023/06/02
2023/02/03 2023/06/09
2023/02/10 2023/06/16

Honako elkarte eta erakunde hauek antolatu dute Ondo Ibili: Biyak Bat elkartea, Osakidetza, Nagusilan, Atsobakarreko zaharren egoitza eta Lasarte-Oriako Udala.